alea.eus

Oinezkoen esparruetatik dabiltzan bizikletek galtzadatik dabiltzanek baino istripu gehiago izaten dituzte Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2016-12-21 08:04   Ingurumena

Gainera, espaloietatik dabiltzan bizikleten herenak autoekin du istripua.

Udaltzaingoak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak elkarlanean egindako ikerlan bat argitaratu dute, azken zortzi urteetan gertatu diren bizikleten eta oinezkoen istripu guztiak aztertuz, eta ondorio interesgarriak utzi ditu txirrindularien zein oinezkoen arazoei dagokienez. Hainbat artikuluz osatutako erreportaje baten lehena da honako hau. Artikuluz artikulu, azterlanak eman dituen datuak eta horietatik atera daitezkeen ondorioak azalduko ditut.

Segurua al da bizikletaz espaloietatik ibiltzea?

Ikerketaren arabera, azken hiru urteetan txirrindulari istripuen %40 inguru espaloietan edo oinezkoen kaleetan gertatu da. Hala ere, kontuan izan behar da toki horietatik bizikleten %28,3 soilik mugitzen dela.

Espaloiak erabiltzen dituzten txirrindulari askok segurtasuna aipatzen dute oinezkoentzat esklusiboak diren espazioetatik ibiltzeko aitzakia nagusi gisa. Udalaren ikerketan, 2014ko mugikortasun inkesta erabili dute kalearen zati bakoitzetik (oinezkoen esparrutik, ibilgailuen esparrutik edo bizikleten esparrutik, hurrenez hurren) zenbat txirrindulari dabilen jakiteko. Inkestaren arabera, 2014an txirrindularien % 33,9k esan zuten gehienetan galtzada erabiltzen zutela; % 37,9k esan zuten bizikleta bide bereziak erabiltzen zituztela; eta % 28,3k adierazi zuten oinezko esparruak erabiltzen zituztela. Haatik, 2013-2015 urteetako ezbeharren analisia egin ondoren, galtzadan ez direla hainbeste istripu gertatzen behatu da (% 25 baino gutxiago); ezta bizikletentzako bideetan ere (% 25 inguru). Oinezkoen guneetan, berriz, istripuen % 40 inguru gertatzen da.

Istripu motari dagokionez, pentsa daiteke espaloietan bizikletek dituzten gorabehera gehienak oinezkoekin direla, eta galtzadan, berriz, automobilekin. Bada, kontuak ez daude horren argi. Espaloiak erabiliz mugitzen diren txirrindularien artean, heren batek autoekin izan dituzte talkak (ezbehar guztien % 30-35, azken hiru urteetan), eta beste heren bat erorketen ondorioz izan du istripua. Bitxia izan badaiteke ere, badago egoera jakin bat bizikletek motordun ibilgailuekin egiten dutena topo eta txirrindulariak arriskuen oso kontziente ez direna: garajeetarako pasabideak. Askotan, espaloitik doan txirrindulariak ez du espero auto bat agertzea, eta egoera hori istripuen eragile nabarmena da. Bestalde, zebrabideetan ere nahikotxo istripu izaten dira, eta ia denak autoekin izandakoak dira, espero den bezala. Oinezkoen kaleetan, berriz, istripuen erdi inguru erorketak dira.

Kontuan izan behar da zebrabideetan, legearen arabera, txirrindulariek ez dutela inolako lehentasunik. Oinezkoentzako pasabideak dira eta bizikletak ibilgailuak direnez, ezin dute hura zeharkatu, autoek edo motorrek ezin duten modu berean. Beraz, talka bat gertatuz gero, oro har errua beti zebrabidea zeharkatzen ari den txirrindulariari leporatuko zaio. Garajeetako pasabideetan, berriz, egoera pixka bat nahaspilatsuagoa da. Gasteizen, espaloitik doan txirrindulariak baimena du hala egiteko zenbait kasutan (espaloia zabala denean eta galtzadan bizikleta biderik ez dagoenean, esaterako), baina garajetik irteten ari den autoek ere badute baimena oinezkoen esparrua erabiltzeko. Beraz, kasuan-kasuan begiratu beharko litzateke istripua nola izan den, erantzulea nor den jakiteko. Hala ere, adi: espaloi estua duen edo bizikleta bidea duen kale batean baimenik gabe espaloitik badoa txirrindularia, ziur aski berea izango da istripuaren erantzukizuna.

Zein bizikleta bide da seguruagoa, autoetatik bereizitakoa, ala autoekin galtzadatik doana?

Bizikleta bideetan izaten dituzten ezbeharren kasuan ere, gehienek uste dezakeenaren kontra, % 50 inguru autoekin talka egitean gertatzen da. Gehien-gehienak galtzada gaineko bizikleta pasabideetan gertatzen dira; hain zuzen, autoek eta bizikletek elkarrekin gurutzatzen diren tokietan. Ia kasu guztietan, autoek bizikleta etortzen ikusten ez dutelako gertatzen da ezbeharra. Izan ere, Gasteizko bidegorri asko eta asko autoetatik erabat bereizitako tokietan sortu dira; zenbaitetan, aparkatutako autoen ilararen beste aldean. Konfigurazio horrek zaildu egiten du auto gidariek bizikletak ikus ditzaten, txirrindularia ikusezin bihurtzen baitu kalea zeharkatzeko gunera iritsi eta beste aldera igaro nahi duenean.

Beraz, bizikletentzako bideak sortzen direnean, segurtasunaren aldetik pentsa daiteke hobe dela auto gidariek uneoro ikusiko dituzten tokitik bideratzea bizikletak, eta ahalik eta bidegurutze gutxien sortzea bizikleten eta autoen artean. Espaloitik doazen bidegorriak eta auto aparkatuen ilararen bidez bereizitako bideak, oro har, segurtasun gutxiago ematen diete txirrindulariei; galtzadan, autoei errei bat kenduz sortutako bideetan, berriz, txirrindulariak ikusgarriagoak dira. Kale estuagoetan, autoen abiadura lasaitzeko aldaketak egin diren tokietan, autoek eta bizikletek errei bera partekatu behar dutelarik, askoz bidegurutze gutxiago daude bien artean eta, hortaz, talka egiteko aukera txikiagoa da.

Bestalde, bizikleta bideetan gertatzen diren istripuen % 20 inguru erorketak dira, eta beste % 20 txirrindulariek elkarrekin talka egitean gertaturikoak. Bigarren datu horrek zer pentsarazi ere ematen du, kontuan hartuta Gasteizen oraindik ere bizikleta bide asko bi noranzkoak direla. Seguruagoa da noranzko bakarreko bidegorriak eraikitzea, eta beti autoak doazen noranzko berekoak, txirrindulariek ez dutelako elkarrekin hainbeste aldiz topo egingo. Horrez gain, badago beste argudio pisutsu bat noranzko bakarreko bideen alde: bidegurutzeetara iristean, bizikletak ez dira agertuko auto gidariek espero ez duten aldetik. Gai horretan gehiago sakonduko da hurrengo artikulu batean, hirian istripuen kontzentrazio handiagoa duten tokiak aztertzen direnean.

Zein adin, kale, sexu... dira arriskutsuagoak?

Bigarren artikuluan, istripua izandako txirrindulariek zein adinekoak eta sexukoak ziren erakutsiko da, bai eta bizikleta istripuak gero eta ugariagoak diren ala ez. Gaian interesa baduzue, egon adi!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa