'Errespetuz', Arabako Futbol Federakundeak zabaldutako kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Alex Losada 2023ko aza. 17a, 15:46

Pasa den asteburuko gertakarien ostean, Arabako Futbol Federakundeak 'Errespetuz' kanpaina zabaldu du, indarkeria futboletik desagerrarazteko helburuarekin.

 

Aste bat pasa da Sanstomendi futbol zelaiko gertakarietatik. Lakua eta Indautxu taldeen arteko partida batean, istilu bortitzak eta desatseginak gertatu ziren. Horren ondorioz, Arabako Futbol Federakundeak hainbat kexa jaso ditu, bere inguruan sortutako polemikaren harira. Gauzak horrela, eta gaur egun gero eta ohikoagoak bihurtzen ari diren gertaera desatsegin horiekin bukatzeko asmoz, federakundeak komunikatu bat plazaratu du Respeto-Errespetuz kanpaina zabaltzeko.

Helburua, noski, futbol zelaietan ezusteko horiekin bukatzea da, errespetuz eta kiroltasun beteriko kirol bat izateko. Besteak beste, bideo bat argitaratu dute, gazteen kirolean ematen diren zenbait jarrera eta ekintza ikusarazteko. Kanpaina horren barruan, sentsibilizazioan aurrera egiteko hainbat bideo argitaratuko dituzte astero, "gure futbolean parte hartzen duten eragile guztiei zuzenduak", AFFk komunikatu batean azaldu duenez.

Erakundeak argi dauka hori dela gauzak aldatzeko ibilbidea, bai eta sorpresa gehiagorik ez egoteko. Beren komunikatuan adierazi dute horrengan itxaropena dutela: "Ziur gaude hori dela gure kirolean indarkeriazko jokabideak desagerrarazteko bidea: sentsibilizazioa, prebentzioa eta prestakuntza programak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide