Istilu jendetsua Santsomendin, gazteen futbol partida batean

Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 19:30
CD Lakua taldearen instalazioetan gertatu ziren istiluak. Argazkia: IREKIA

Hainbat pertsonaren arteko istiluak gertatu ziren larunbatean Lakua eta Indautxu gazte taldeen arteko partidan, Santsomendin, identifikatu gabeko pertsona talde batek jokalari bati eraso egin ostean.

SD Indautxu kirol elkarteak publikoki salatu du bere atezainak larunbatean Santsomendiko futbol zelaian jasandako erasoa, Gazteen Euskal Ligako CD Lakua (Gasteiz) - SD Indautxu (Bilbo) partidaren ostean. Klubak azaldu duenez, partidaren amaieran jokalaria bere taldearen aulkira zihoanean gertatu zen erasoa, "bi taldeetatik kanpoko eta jokalekura borroka bat sortzeko helburu bakarrarekin sartu ziren norbanako" batzuen eskutik.

Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu behar izan ziren, gertakarien larritasuna dela eta. Antza denez, une hartan erasotzaileek instalazioetatik alde egin zuten, eta, oraingoz, identifikatu gabe jarraitzen dute. Bestalde, erasotutako jokalaria ospitalera eraman behar izan zuten, jasandako zauriak sendatzeko.

Hainbat hedabidek "zelai beteko bataila" bati buruz hitz egin duten arren, Indautxu taldeko iturriek argitu dute "zelaira salto egin zuten pertsona gehienak animoak lasaitzera edo erasotutako jokalariari laguntzera" joan zirela.

Nolanahi ere, klub gasteiztarreko langileek epailea aldageletaraino babestu behar izan zuten, bere "segurtasuna eta osotasun fisikoa zaintzeko" helburuarekin. El Correo egunkarian jasotako epailearen bertsioaren arabera, bi taldeetako ikusleen jarrera "txarra" izan zen partida osoan zehar. 94. minutuan, talde bizkaitarreko jokalari baten aita kanporatzea eskatu zuen epaileak, "oihuak, irainak eta mehatxu larriak" egiteagatik.

"Futbolean indarkeriarik ez"

Bi klubek gertatutakoa gaitzetsi dute, "irmoki eta salbuespenik gabe". Indautxukoek deitoratu egin dute "jokabide horiek kirol instalazioetan gertatzen jarraitzea, beste jarrera mota batzuk nagusi izan beharko liratekeelako", eta "azken urteetan gertakari horien normalizazioaren inguruko kezka" agertu dute.

Era berean, kluba erakundeen esanetara jarri dute, "erantzukizun guztiak argitzeko eta horrelako ekintza bat oharkabean pasa ez dadin". Azkenik, erasoa jasan duen jokalariari "lehenbailehen sendatzea" opa diote, eta "klubaren baliabide guztiak bere eskubideak defendatzeko" eskaini dizkiote.

Bere aldetik, talde gasteiztarrak iragarri du neurriak hartuko dituela eskura dituen irudiak erakunde eskudunen esku jarriz, "ekintza horiek berriro gerta ez daitezen". Halaber, erasoa jasan duen jokalariari "azkar osatzea" opa diote. "Futbolean indarkeriarik ez", aldarrikatu dute bi taldeek beren komunikatu ofizialetan.

Erakundeei dagokienez, Arabako Futbol Federazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere gertatutakoa gaitzetsi dute, kirolean indarkeriari aurre egiteko neurrien beharra aldarrikatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide