Iritzia

Israel partida bat jokatzera etorri eta bi galdu zituenekoa

Erabiltzailearen aurpegia BDZ Araba 2024ko ots. 16a, 17:00
Baskoniazaleen protesta Maccabiren aurkako partidan. Argazkia: BDZ Araba

"Elkartasun adierazpen historiko horren irudiek mundu osoko hedabideetan izan dute oihartzuna. Horrela, Gasteizko herriaren jarrera solidarioa eta giza eskubideekiko arduratsua mundu zabalean izan da ikusgai".

BDZ Araba taldetik gure gogoeta partekatu nahi dugu Gasteizko gizartearekin, iragan otsailaren 1ean, Baskoniaren pabiloian, Maccabi saskibaloi talde israeldarrari egin zitzaion harreraren inguruan. Lehenik eta behin, ospatu behar dugu, harrotasunez, Israelgo erregimen genozidaren zurikeria ekitaldi bat izan behar zuenari buelta eman eta Palestinaren aldeko aldarrikapen orokor eta entzutetsua bilakatu izana. Gauzak horrela, gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu Baskoniako zaletuei, eta bereziki Indar Baskonia taldeko kideei, ordezkaritza israeldarraren normaltasuna urratu eta erregimen sionistaren genozidioarekiko konplizitatea aurpegiratu eta salatu zutelako.

"Gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu Baskoniako zaletuei, eta bereziki Indar Baskoniari"

Gauza jakina denez, Israelek iragan urriaren 7tik dihardu nahita eta modu sistematikoan Gazako Zerrenda bonbardatzen, duela 16 urtetik gora blokeo itogarri eta ilegal baten menpe duen eskualdea. Azken eraso hauek erregimen sionista duela 75 urtetik gora Palestinan garatzen ari den garbiketa etniko kanpainaren adierazpenik gorenena dira, eta haien ankerkeriak ez dauka aurrekaririk. Izan ere, lau hilabete hauetan 30.000 pertsonatik gora erail dituzte, horietatik 14.000tik gora umeak.

Bitartean, erregimen sionistak bere propaganda makineria guztia jarri du martxan nazioarteko iritzi publikoaren aurrean bere irudia zuritzeko, eta zeregin horretan, Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldea da Israelgo Estatuaren kirol ordezkaririk gorenenetako bat. Kanpaina horren testuinguruan, gure hirira itzuli dira, berriz ere, ustezko normaltasun irudi kalkulatua emanez; baina, aldi berean, haien salbuespenezko segurtasun protokoloak ezarriz, erregimen genozidaren irudia zuritzeko eta normalizatzeko asmotan.

Oraingo honetan, ordea, Gasteizko gizartearen gaitzespen erantzuna erabatekoa izan da. Nabarmendu behar dugu, aurrekoetan ez bezala, pabiloiko segurtasunaren arduradunek ez dutela eragozpen berezirik jarri Palestinaren aldeko ikurrak sartzeko, eta erabaki politiko horrek isla argia izan duela Zurbaoko harmailetan; izan ere, hamarnaka ekintzailek pabiloiko sarbideetan banatutako 1.000 bandera palestinarrak ikusgai izan dira uneoro eta modu nabarmenean kantxa inguruan.

 

"Banatutako 1.000 bandera palestinarrak ikusgai izan dira uneoro eta modu nabarmenean"

Era berean, aurrekaririk gabekoa deritzogu partidaren aurreko orduetan BDZ taldearen aldarrikapenei prentsako hedabideetan eman zaion trataera informatiboari, horrek ere lagundu izan baitu publikoa, oro har, zabaldutako kontsignen jabe izan zedin. Baina azpimarratu nahi dugu zaletuen eta, bereziki, Indar Baskoniako kideen jarrera solidario eredugarria. Partida hasieratik erabatekoa izan zen BDZ taldearen eta Indar Baskoniaren eskakizunekiko atxikimendua, hala nola partida hasitakoan pabiloira bost minutu berandu sartzea, Palestinako banderak erakustea eta jokalari israeldarrek baloia esku artean zutenetan "Israel genozida!" oihukatzea.

Indar Baskonia taldeko kideek, gainera, elkartasun performance ikusgarria burutu zuten pabiloira sartzearekin batera, eta hizki-mosaiko baten bidez Free Palestine leloa osatu zuten, ordezkaritza israeldarrarekiko gaitzespena eta Palestinarekiko elkartasuna argi adierazteko.

Esan beharra dago, gainera, elkartasun adierazpen historiko horren irudiek mundu osoko hedabideetan izan dutela oihartzuna, eta ez bakarrik Espainiako Estatukoetan, baita herrialde arabiarretako komunikabide askotan ere. Horrela, Gasteizko herriaren jarrera solidarioa eta giza eskubideekiko arduratsua mundu zabalean izan da ikusgai.

Gauzak horrela, gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu Gasteizen genozidioaren zurikeria ekitaldia zapuztu eta Palestinarekiko erabateko elkartasuna erakutsi duten guztiei; eta, era berean, berretsi egin nahi dugu gure konpromiso irmoa Palestinako herriaren giza eskubideekin eta gure hirian ez dadin berriro gertatu erregimen sionistaren propaganda ekitaldirik.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide