iritzia

Iragarritako heriotza baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Markinez 2023ko aza. 15a, 18:54

Hildako kumearen anai bat. Argazkia: Joseba Markinez

Terrorismo ekologiko honen arduradun zuzenak hiri handietako bulegoetan bizi dira eta gorbatekin janzten dira, askotan kolore berde distiratsuz.

Egun tristeak, oso tristeak Elai Etxean. Duela egun gutxi batzuk, Saitokin ia hamarkada bat egin duen arrano beltzen bikoteak hainbeste nekearekin, ahaleginarekin eta dedikazioarekin hazi duen txita elektrokutatu egin da, habiatik kilometro bat pasatxora.

Ez dakigu zergatik, aurtengo txitaren portaera aurreko urteetakoaren oso desberdina zen. Plataforma utzi zuenetik ikusten ez genuen txita zen. Ni neu inguruko basozainarekin jarri nintzen harremanetan, berririk ba ote zuen galdetzeko. Zorionez ondo zegoela zirudien, baina gurasoekin hegan egiten ikusi gabe jarraitzen genuen, beste urte batzuetan ohi den bezala.

Normalena da, ez beti baina bai noizean behin, txita gurasoekin joatea hidera. Hala, gurasoek beraiek eramaten dituzte txitak leku zehatz horretara bazkaltzera. Normalean, urriaren amaiera arte, gutxi gorabehera, arrano gazteak ibarrean noizbehinka ikusten edo entzuten ditugu. Ordutik aurrera, txitak ez dira berriro gurasoen lurraldean ikusten, eta bikoteek ugalketa-ziklo berri bat hasten dute. Aurten ez. Aurten dena desberdina zen.

Normalean, urriaren amaiera arte, gutxi gorabehera, arrano gazteak ibarrean noizbehinka ikusten edo entzuten ditugu.

Txita gurasoengandik askoz ere independenteagoa zela zirudien, aurreko urteetan baino. Gurasoak, zorionez, ez dira euskarri elektrikoetan pausatzen; baina txita, metalezko uztai batez, PVCzko beste batez eta geolokalizazio gailu batez hornitua, bere kasara ibiltzen zen. Babes elektriko batean pausatzearen akats larria egin zuen, eta hortxe amaitu zuen bere bizitza laburra.

Batzuek, besteak beste oligopolio elektrikoko buruek, lurrera begira esango dute jazotakoa istripu handia izan dela. Beste batzuek zerura begiratuko dugu justizia aldarri eginez, badakigulako hau etengabe gertatzen dela eta erantzule zuzenak dituela.

Terrorismo ekologiko honen arduradun zuzenak hiri handietako bulegoetan bizi dira eta gorbatekin janzten dira, askotan kolore berde distiratsuz, baina hain estu, ezen haien garunak ez baitu behar adina oxigenatzen ikusteko HAIEK ere NATURA deitzen diogunaren parte direla. Bai, zuek ere natura zarete, baina ezikusiarena egiteko zoritxar handia duzue. Zuen ego hipertrofiatuek ez dizuete ikusten uzten zuen emaitzen balantze aberats bezain lotsagabea osatzen duten zenbaki ilaratik harago.

Hegazti bikain horiei ere eskerrak eman behar dizkiegu gure mendietan egoteagatik

Baina gehiago nahi duzue. Diruak eta botereak, dirudienez, ez dute inoiz asetzen. Gure mendietan makro errotak eta ebakuazio sareak ereiten jarraitu nahi duzue. Hegaztiak eta kiropteroak akabatzeko benetako eremuak. Gure herriak heriotzaz ereiten jarraitu nahi duzue.

Pentsatu nahi dut denak duela zergatia, zentzua. Agian arrano beltz baten heriotza aletxo bat gehiago da jasangarritasunez eta ongizatez trebeki mozorrotutako proiektu energetiko burugabe hau edo hura betiko baztertzeko. Eta pentsatzen ari naiz Cantoblanco, Azazeta, Aramaio edo Labraza bezalako proiektuetan, bere errota hiltzaile erraldoiekin eta ebakuazio-lerro hilgarri eta kilometrikoekin.

Oligopolio elektrikoak, legez kontrako linea elektrikoarekin, hildako txita hori beste argudio bat da, gure alegazioekin, prentsaurrekoekin eta milaka sinadurekin batera, eraginkortasuna oinarri duen beste energia eredu baten alde egiteko, eta ez edonolako presazko energia sorkuntzan. Beste argudio bat da energiaren sorrera deszentralizatua eta ondo planifikatua sustatzeko, eta ez ordea, makro zentral eolikoak, energia enpresa handiek osatu duten mafia oligopolistikoari mesede egiteko.

Hegazti bikain horiei ere eskerrak eman behar dizkiegu gure mendietan egoteagatik; izan ere, beste argudio bat dira, pisu handikoa, administrazioek birpentsatu dezatela gure inguruari eta landa eremuan bizi garenon ongizateari eraso egiten dioten makro proiektu energetikoak.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago