Pobesko Elai-Etxeko Joseba Markinezek Erriberagoitiako mendietan mantentzen duen arrano beltzen (Aquila chrysaetos homeyeri) koloniako txita eme bat hilik jaso dute, "elektrokuzioaren kontrako isolatzailerik ez duen Iberdrolako linea elektrikoa batean". Arrano beltzen populazioaren jarraipena egiteko Aequilibrium+ egitasmoaren barruan lan egiten duten Tagonius eta Augur Nature natura enpresek Iberdrola salatu dute, Arabako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean, hegazti faunarentzat elektrokuzioaren aurkako babeslerik ez izateagatik.
Salaketan jaso dutenez, hegaztia "legea betetzen ez duen" Iberdrolaren euskarri elektriko batean kokatu zen, instalazio honetan harrapatuta geratu zen eta azkenean elektrokutatuta hil zen. Gertakaria irailaren 29an jazo zen, eta momentuan bertan Arabako Diputazioaren basozainak ohartarazi zituzten, eta hegaztia jaso zuten protokoloari jarriki.
Biotza izena zuen arrano beltzak, eta GPS gailuaren bidez monitorizatzen ari ziren, Aequilibrium+ nazioarteko proiektuaren barruan. Hain zuzen, GPSari esker jakin zuten zerbait arraroa gertatzen ari zela animaliarekin, "seinale anomaloak" jaso zituztelako. Salatzaileek ez dakite "harrezkero beste hegazti batzuek ere zorte bera izan ote duten", baina salatu dutenez, "onartezina da konpainia elektriko honek proiektu honen zuzendaritzarekin harremanetan jarri ez izana ere".