Egunero ikasten delako #8

Erabiltzailearen aurpegia IKA Gasteiz 2024ko mar. 21a, 12:30

Aurten euskararen erabileraren inguruko gomendioak proposatuko dituzte Gasteizko IKAko lagunek. Horrekin batera, beste sorpresa batzuk izango ditugu elkarlaneko atal berezi honetan. Hona hemen bosgarren atala:

Dagoeneko aurkeztu dituzte Arabarako hautagaien zerrendak; guztiek erabili dituzte eszenatoki argitsu eta koloretsuak, eta telebistan agertu dira irribarretsu eta ziur. Herrialdeko zerrendaburu gehienak gizonak eta gazteak dira, alde horretatik ez dago disonantzia handirik alderdien artean. Batzuk euskaldun petoak dira; beste batzuk ez hainbeste; gehienak unibersitateko tituludunak.

Halako gauzekin konturatzen naiz beste mende batekoa naizela. Bai. Pasa den mendean, legebiltzarrerako Herri Batasuneko zerrendan parte hartu nuen. Orduko kanpainak oso ezberdinak ziren. Araba zeharkatzen genuen karabana prekario batekin, eta herrietako militanteek ekitaldiak prestatzen zituzten.

'Mesedez, gezurrik ez', Mati Iturralde ALEAn (2024-03-01)

ERREPARATU HONI

DAGOENEKO/HONEZKERO

Denborazko aditzondook ez dira baliokideak.

Dagoeneko hitzak, inork ikusia edo jakina duelako, ziurtzat jotzen du adierazia. Bulegotik nator, eta Uxue dagoeneko han dago (ziur naiz diodanaz). Tankerakoak dira hauek ere: Hiruretan bazkaldu du, eta dagoeneko hor ari da igerian. Dagoeneko gainean ditugu azterketak. Udan gaude dagoeneko.

Honezkerok, berriz, uste, susmo edo aierua adierazten du; supositiboa da erabat, ziurtatu gabeko ustearen agergarria. Bulegora noa, Uxue honezkero etorriko zen eta (uste horretan nago). Gisa horretakoak dira hauek ere: Gure Antonek honezkero hirurogeita bosten bat izango ditu. *Dagoeneko hasiko zen saio (Honezkero hasiko zen saioa).

Lehenaldiari begira inoiz agertzen den *zegoeneko, berriz, forma guztiz berria da, eta ez da bultzatzekoa: *Dardarka ari banintzen ere, zegoeneko (ordurako/dagoeneko) ez nuen hotzik sentitzen.

Iturria: Euskaltzaindia.eus


Bi ordu eman ditugu lagunen zain, eta honezkero nazkatu gara. Bi ordu eman ditugu lagunen zain, eta dagoeneko nazkatu gara.
Zer ordu ote da? Dagoeneko laurak izango dira. Zer ordu ote da? Honezkero laurak izango dira.
Jaialdia bukatu da. Honezkero ez dago inor bertan. Jaialdia bukatu da. Dagoeneko ez dago inor bertan.

  Datozen hilabeteetan, ekainaren 28ra bitartean, astero galdera berri bat botako digute IKAko lagunek. Denbora tarte horretan galdera zuzen gehien erantzuten duen lagunak Errigorako saski zoragarri bat irabazteko aukera izango du.
Prest al zaude zure ezagutza frogatzeko? 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide