Zuiak alegazioak aurkeztuko dizkio Lurralde Plan Sektorialari

Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 11:00
LPSak energia fotovoltaiko eta eolikorako hainbat eremu ezarri ditu Gorbeialdean. PIXABAY

Energia Berriztagarrien LPSaren hasierako onespenari alegazioak aurkezteko azken eguna uztailaren 24a izango da. Zuiako Udalak "toki erakundeen defentsa eza" eta "lurralde antolamenduarekiko kontraesanak" salatu ditu.

Maiatzean, Eusko Jaurlaritzak hasierako onespena eman zion Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS). Araban 42 kokapen aurreikusi dituzte: energia eolikorako 19 gune eta energia fotovoltaikorako 23 eremu.

Alegazioak aurkezteko epea astelehenean, uztailaren 24an, amaituko da. Orain arte milaka herritarrek eta dozenaka udalerrik zein kontzejuetako batzar administratibok egin duten bezala, Zuiako Udalak iragarri du alegazioak aurkeztuko dizkiola prozedurari.

LPSa plangintza dokumentu bat da, lurraldean energia berriztagarria sortzeko azpiegituren garapena antolatzeko eta arautzeko helburua duena. "Larrialdi klimatikoaren, krisi ekologikoaren eta egungo trantsizio energetikoa egiteko premiazko beharraren testuingurua kontuan hartuta, argi dago kontsumoak murriztu behar direla eta ekoizpen iturri berriztagarrien hedapenean eta garapenean aurrera egin behar dela", aitortu du Zuiako Udalak.

"Hala ere, ekoizpen iturri berriztagarriak garatzeko, natura, paisaia, biodibertsitate, kultura eta lurralde antolamenduaren balioak errespetatu behar dira, besteak beste", ohartarazi du. Ildo horretan, udalak dokumentu bat prestatu du alegazioak egiteko LPSaren hasierako dokumentuari, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako bidetik aurkeztuko du formalki.

Horretarako, "argudio aski nabarmenak" aipatu ditu Gorbeialdeko udalerri nagusiko toki erakundeak: "Toki erakundeen defentsa eza, ingurumen informazioa eskuratzeko eskubidearen urraketa, metodologiaren arbitrariotasuna, zuhurtzia printzipioaren urraketa, goragoko mailako lurralde antolamenduarekiko kontraesanak eta udal planeamendua aintzat ez hartzea, besteak beste".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide