Judimendiko jaien "erabateko arrakasta" eskertu dute

Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 13:00

"Gure jaiak oztopatzeko saioen gainetik, guztion artean jai politak eta giro ederrean ospatzea posible da", aldarrikatu du Judimendiko auzo elkarteak, milaka pertsona bildu dituzten jaien ostean.

Gasteizko Judimendi auzoak asteburuarekin batera ospatuko du udako solstizioa, baina aste osoko egitaraua eskaini dute jaiek, ekainaren 19tik 25era bitartean. Bereziki asteburuan zehar, milaka lagun igaro dira txosnagunetik zein tabernetatik, azken urteetan auzoan ikusitako jairik jendetsuenak ospatzeko. Ostiral gauak, adibidez, goiko argazki galerian ikus daitekeen lehen argazkia bezalako irudi ikusgarri asko utzi zituen.

Joan den astean, euskal presoen eskubideen aldeko kalejiraren eta brindisaren inguruan sortutako polemikak —Maider Etxebarria alkateak Fiskaltzaren esku utzi zuen ekitaldia— baldintzatu zuen jaien hasiera, baina jai batzordeak antolatutako ekitaldi guztiak mantentzea erabaki zuen. Astearte honetan, gainera, jaien "erabateko arrakasta" ospatzeko eta eskertzeko balorazio bat plazaratu du Judimendikoak Auzo Elkarteak.

"Bai auzokideak eta bai beste auzoetatik etorri diren guztiak zoriondu nahi ditugu, baita errespetuzko jarrera eskertu ere", dio auzo elkartearen oharrak. "Aurtengo jaiak ondo ateratzeko lanean buru-belarri ibili diren jai batzordeko kide eta boluntario guztiei ere gure eskerrik beroenak eskaintzen dizkiegu. Auzoak, berriz ere, erakutsi du: azken urteotan, gure jaiak oztopatzeko saioen gainetik, adin ezberdinetako auzokideak, taldeak, dendari txikiak, tabernariak, kuadrillak... guztion artean jai politak eta giro ederrean ospatzea posible dela. Zorionak, beraz, guztioi".

Eraso matxistak eta zaborra

Judimendiko jaietan hainbat eraso matxista gertatu dira, eta, mugimendu feministaren protokoloari jarraituz, jai batzordeak hainbat alditan itxiarazi zuen txosnagunea, erasoen berri eman eta protesta egiteko. Are gehiago, ostiralean lehenago itxi zuten txosnagunea, gertatutako eraso baten ondorioz. "Gure auzoan ez dugu inoiz jarrera sexistarik ezta homofoborik onartuko, eta horren aurka egingo dugu beti, jaigune seguruak bermatzen jarraitzeko", azpimarratu du auzo elkarteak.

Bestalde, jai batzordearen kritika gogorrak eragin ditu Gasteizko Udalaren garbiketa zerbitzuak. "Hau bai nazkagarria, Maider Etxebarria. Beste urte batez, Judimendiko edukiontziek gainezka egin dute jaietan, eta aurten ere argi dago garbitasuna ez dela lehentasuna Gasteizko Udalarentzat. Beste behin ere, Gasteizko Udalak ez du auzokideen zaintza bermatu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide