Etenik ez Azkena Rock Festival jaialdiaren oholtza gainean

Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 09:30

Azkena Rock Festival jaialdiaren bigarren egunean, distira betean aritu dira, besteak beste, The Pretenders, Incubus eta The Soundtrack of Our Lives taldeak. Gaur izango da Iggy Pop eta Lucinda Williamsen txanda.

Azkena Rock Festival jaialdiaren XXI. edizioak bigarren eguna izan du ostiral honetan, belaunaldiarteko rock eskaintza eklektiko batekin. Chrissie Hynde karismatikoa buru duen The Pretenders taldeak garai guztietako pop rock hit-ak eskaini ditu, publikoa bereganatuz. Proposamen ezagunenen artean Incubus eta Matchbox rockabilly beteranoak izan dira. Gauak aurrera egin ahala, Calexico eta The Soundtrack of Our Lives ikusteko aukera izan da.

Rocka etengabeko bilakaeran dagoen musika da eta, proposamen berriak sortu ahala, Azkena Rock Festival jaialdira horien ordezkariak ekartzen saiatzen dira antolatzaileak. Oraingoan, besteak beste, S8nt Elektric berritzaileak izan dira, Slash-en semearen taldea; Leiva eta Adan Jodorowskyren The Guapos supertaldea eguneko ezusteko gozagarrietako bat izan da, zalantzarik gabe. Hasieran, Bones of Minerva madrildar gazteen gitarra astunak entzun ahal izan dira, eta une bikainak eskaini ditu Cordovas talde amerikarrak.

Trashville apustu segurua da generoaren alderdi basati, errebelde eta dibertigarrienaz gozatzeko. The Reverend Peyton's Big Damn Band taldearen kontzertua itzela izan da, redneck energia geldiezinarekin; horien aurretik, energiaz beteriko The Cleopatras italiarren garage eta surf rock doinuak nagusitu dira, eta Los Tiki Phantoms taldeak argi erakutsi du zergatik den Espainiako Estatuko surf rock estiloko talde erreferenteetako bat.

Gaur, Iggy Pop eta Lucinda Williams

Jaialdiaren azken eguna izango da gaur, larunbatean. Chuck Prophet & The Mission Express izango da Andre Maria Zuriaren plazan, eta, arratsaldean, besteak beste, Iggy Pop, Lucinda Williams, Alter Bridge, The Bevis Fronden, Brigade Loco, Ezpalak, Jim Jones All Stars, Lucero, Melvins, The Nude Parti, Ana Popovic, Amanda Shires, Nat Simons & Cherie Currie igoko dira Mendizabaleko eremuko oholtza nagusietara.

Trashville gunean, berriz, King Salami and The Cumberland Three, Lost Cat eta The Phantom Surfers eta Steel Beans arituko dira. Jaialdia agurtzeko, Ayuken Djs, Carmela Maracas & Lupita Mambo, Ningún DJ eta Rock&Roll Police Department izango dira Trashvilleko plateretan.

GIDA PRAKTIKOA

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an ospatuko den Azkena Rock Festival jaialdiaren inguruan jakin behar duzun guztia laburbildu dugu ALEAn: taldeak, ordutegiak, eremuak, irizpideak, sarrerak...

Bueltan da Azkena Rock Festival jaialdia, bere XXI. edizioarekin. Hiru egunetan zehar, ekainaren 15etik 17ra, ostegunetik larunbatera, Mendizabaleko esparrutik 48.000 pertsona baino gehiago igarotzea espero dute antolatzaileek, eta jende uholdea hirigunean nabarituko da, baita aurreko zein osteko egunetan ere.

Iggy Pop, The Pretenders, Rancid, Lucinda Williams, Incubus, The Soundtrack of Our Lives, Melvins, Alter Bridge eta El Drogas izango dira harribitxiez jositako programazioaren kartelburuak, baina luxuzko 50 kontzertu baino gehiagorekin rock musikaz blaituko da Arabako hiriburua, bai Mendizabaleko eremu erraldoieko hiru agertoki nagusietan, bai Trashville karpan, bai eta Andre Maria Zuriaren plazako doako kontzertuetan ere.

Zure lehenengo aldia da? Oraindik sarrerarik gabe zaude? Dagoeneko zure sarrera duzu, baina hiru eguneko zoramena antolatu nahi duzu? Seme-alabekin joango zara? Jarraian, Azkena Rock Festival jaldiaren inguruan jakin behar duzun guztia laburbildu dugu:

EREMUAK

Osteguneko 18:00etatik aurrera, eta igande goizaldeko ordu txikiak arte, hiru eguneko rock festa hartuko du Mendizabaleko eremu erraldoiak. Sarrera edo bonoa beharrezkoa izango da ARF esparruan sartzeko. Kontzertu nagusiak God, Respect eta Love izeneko agertokietan izango dira, hiruren artean txandakatuz.

Horrez gain, Trashville karpa rock musikaren alderik zitalenaren plaza da, agertokiaren eta ikusleen arteko hesia hausten duena. Surf, garage, psychobilly eta askoz soinu gehiagoren eraginpeko proposamen basatienak gozatzeko agertokia.

ESPARRUAREN ORDUTEGIAK
  • Ekainaren 15ean, ostegunean: 18:00 – 04:30
  • Ekainaren 16an, ostiralean: 17:00 – 06:30
  • Ekainaren 17an, larunbatean: 17:00 – 06:30
ESKUMUTURRAK JASOTZEA

Mendizorrotzeko kiroldegiaren aurrean izango dira sarrera-eskumuturrak jasotzeko leihatilak:

  • Ekainaren 14an, asteazkenean: 17:00 – 22:00
  • Ekainaren 15ean, ostegunean: 13:00 – 01:00
  • Ekainaren 16an, ostiralean: 15:00 – 02:00
  • Ekainaren 17an, larunbatean: 15:00 – 02:00
NOLA IRITSI ESPARRURA?

Azkena Rock Festival jaialdiaren webgune ofizialean esparrura iristeko irizpideak eta garraio publikoaren inguruko informazioa dago: bidaia antolatuak Arrasate, Bilbo, Donostia, Altsasu, Iruñea eta Zarauztik; autoz, autobusez edo trenez iristeko moduak; egunez iristeko zein gauez itzultzeko garraio publikoko lineak; eta Radio Taxi zerbitzua (945 27 35 00).

TALDEAK

AGERTOKI NAGUSIAK

TRASHVILLE

ORDUTEGIAK

Ekainak 15 · Osteguna

Ekainak 16 · Ostirala

Ekainak 17 · Larunbata

Andre Maria Zuriaren plaza (doako kontzertuak)

IRIZPIDEAK

  • Cashless: Jaialdiaren esparruan egiten diren ordainketa guztiak —janaria, edaria, merchandisinga eta atrakzioak— sarrera-eskumuturrekoetan txertatutako cashless sistema elektronikoarekin egin beharko dira. Informazio guztia esteka honetan: kargatzeko, saldoa kontsultatzeko, eskumuturrekoa jasotzeko eta dirua berreskuratzeko (ekainaren 20tik uztailaren 4ra) irizpideak.
  • Mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko egokitutako zerbitzuak eta guneak egongo dira. Informazio guztia hemen.
  • Edalontzi berrerabilgarriak: Edalontzi guztiak itzulgarriak eta berrerabilgarriak dira, iraunkortasunaren alde.
  • Ostatua: Gasteizko eta inguruko hotel zein landetxeez gain, ARF esparrutik minutu gutxira lo egiteko aukera dago, camping (esparrutik 100 metrora, bost minutura) eta glamping aukeren artean aukeratuta; bigarren aukera hartzen dutenek kanpin-denda eta ohea prest topatuko dituzte.
  • Gastronomia: sukaldaritza gune bakarra izango da, zero kilometroko produktuekin egindako eskaintza gastronomiko zabalarekin. Besteak beste, Trashville hanburgesa, hotdog-ak, ogitartekoak, kroketak, patata frijitu artisauak, janari asiarra, postreak eta izozkiak. Aukera begetarianoa, beganoa eta glutenik gabekoa izango dira, baita alergenoei buruzko informazioa ere.

SARRERAK

Sarrera edo bonurik gabe baldin bazaude, Azkena Rock Festival jaialdiaren webgune ofizialean erosteko garaiz zabiltza oraindik:

  • Bonua (hiru egun): 155 euro
  • Gaztea Bonua (15 eta 23 urte bitarteko pertsonentzat): 100 euro
  • Bonua + kanpina: 175 euro
  • Kanpina (lau gau): 20 eurotik aurrera
  • Eguneko sarrera:
    • Osteguna: 50 euro
    • Ostirala eta larunbata: 70 euro

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide