Rockaren sugarra indarrez berpiztu du Azkena Rock Festival jaialdiak

Erredakzioa 2023ko eka. 16a, 14:00

Hasi da Azkena Rock Festival jaialdiaren XXI. edizioa, El Drogas, Rancid, Os Mutantes, Steve Earle, Liher eta beste sei kontzerturekin. 2024ko edizioa ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da.

Ostegun honetan, Azkena Rock Festival jaialdiak publikoarekin topo egin du berriz ere, bere XXI. edizioan. Liher euskal taldearen eta Os Mutantes garage brasildarraren aitzindarien eskutik hasi da eguna, eguraldi onak eta belaunaldien arteko ikuslegoak markatuta.

Ondoren, Steve Earle iritsi zen, eguneko errezitaldi zirraragarrienetako batekin, bakarka eta akustikoan bere kantu klasikoen errepasoa eginez. El Drogas estatuko rockaren maisua dela argi geratu zen berriz ere, eta Barricadaren errepertorioarekin publikoa dardarka jarri zuen.

Gauak Lydia Lunch Retrovirus asaldatzaile kontrakulturalari eman zion bidea. Eta 90eko hamarkadan punkaren berpizkundearen errege Rancid taldeak maila gorenera eraman zuen gaua. Azkenik, Monster Magnet taldearen kontzertuak amaiera eman zien agertoki nagusietako emanaldiei.

Eta ezin dugu ahaztu Trashville karpa, handik igaro baitziren The Kaisers, Nestter Donuts eta Generador.

Gaurko plana

Ostiralean, Andre Maria Zurian hasiko da eskaintza musikala, The Fuzillis taldearekin. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Mendizabaleko eremuan jarraituko du jaialdiak, besteak beste, Incubus, The Pretenders, The Soundtrack Of Our Lives eta The Undertones taldeekin.

Azkena Rock 2024

Last Tourrek hurrengo edizioaren data iragarri du jada: 2024ko ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da. Lehen bonuak 105 euroko prezio esklusiboan eros daitezke jada, jaialdiaren esparruan dagoen informazio gunean.

GIDA PRAKTIKOA

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an ospatuko den Azkena Rock Festival jaialdiaren inguruan jakin behar duzun guztia laburbildu dugu ALEAn: taldeak, ordutegiak, eremuak, irizpideak, sarrerak...

Bueltan da Azkena Rock Festival jaialdia, bere XXI. edizioarekin. Hiru egunetan zehar, ekainaren 15etik 17ra, ostegunetik larunbatera, Mendizabaleko esparrutik 48.000 pertsona baino gehiago igarotzea espero dute antolatzaileek, eta jende uholdea hirigunean nabarituko da, baita aurreko zein osteko egunetan ere.

Iggy Pop, The Pretenders, Rancid, Lucinda Williams, Incubus, The Soundtrack of Our Lives, Melvins, Alter Bridge eta El Drogas izango dira harribitxiez jositako programazioaren kartelburuak, baina luxuzko 50 kontzertu baino gehiagorekin rock musikaz blaituko da Arabako hiriburua, bai Mendizabaleko eremu erraldoieko hiru agertoki nagusietan, bai Trashville karpan, bai eta Andre Maria Zuriaren plazako doako kontzertuetan ere.

Zure lehenengo aldia da? Oraindik sarrerarik gabe zaude? Dagoeneko zure sarrera duzu, baina hiru eguneko zoramena antolatu nahi duzu? Seme-alabekin joango zara? Jarraian, Azkena Rock Festival jaldiaren inguruan jakin behar duzun guztia laburbildu dugu:

EREMUAK

Osteguneko 18:00etatik aurrera, eta igande goizaldeko ordu txikiak arte, hiru eguneko rock festa hartuko du Mendizabaleko eremu erraldoiak. Sarrera edo bonoa beharrezkoa izango da ARF esparruan sartzeko. Kontzertu nagusiak God, Respect eta Love izeneko agertokietan izango dira, hiruren artean txandakatuz.

Horrez gain, Trashville karpa rock musikaren alderik zitalenaren plaza da, agertokiaren eta ikusleen arteko hesia hausten duena. Surf, garage, psychobilly eta askoz soinu gehiagoren eraginpeko proposamen basatienak gozatzeko agertokia.

ESPARRUAREN ORDUTEGIAK
  • Ekainaren 15ean, ostegunean: 18:00 – 04:30
  • Ekainaren 16an, ostiralean: 17:00 – 06:30
  • Ekainaren 17an, larunbatean: 17:00 – 06:30
ESKUMUTURRAK JASOTZEA

Mendizorrotzeko kiroldegiaren aurrean izango dira sarrera-eskumuturrak jasotzeko leihatilak:

  • Ekainaren 14an, asteazkenean: 17:00 – 22:00
  • Ekainaren 15ean, ostegunean: 13:00 – 01:00
  • Ekainaren 16an, ostiralean: 15:00 – 02:00
  • Ekainaren 17an, larunbatean: 15:00 – 02:00
NOLA IRITSI ESPARRURA?

Azkena Rock Festival jaialdiaren webgune ofizialean esparrura iristeko irizpideak eta garraio publikoaren inguruko informazioa dago: bidaia antolatuak Arrasate, Bilbo, Donostia, Altsasu, Iruñea eta Zarauztik; autoz, autobusez edo trenez iristeko moduak; egunez iristeko zein gauez itzultzeko garraio publikoko lineak; eta Radio Taxi zerbitzua (945 27 35 00).

TALDEAK

AGERTOKI NAGUSIAK

TRASHVILLE

ORDUTEGIAK

Ekainak 15 · Osteguna

Ekainak 16 · Ostirala

Ekainak 17 · Larunbata

Andre Maria Zuriaren plaza (doako kontzertuak)

IRIZPIDEAK

  • Cashless: Jaialdiaren esparruan egiten diren ordainketa guztiak —janaria, edaria, merchandisinga eta atrakzioak— sarrera-eskumuturrekoetan txertatutako cashless sistema elektronikoarekin egin beharko dira. Informazio guztia esteka honetan: kargatzeko, saldoa kontsultatzeko, eskumuturrekoa jasotzeko eta dirua berreskuratzeko (ekainaren 20tik uztailaren 4ra) irizpideak.
  • Mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko egokitutako zerbitzuak eta guneak egongo dira. Informazio guztia hemen.
  • Edalontzi berrerabilgarriak: Edalontzi guztiak itzulgarriak eta berrerabilgarriak dira, iraunkortasunaren alde.
  • Ostatua: Gasteizko eta inguruko hotel zein landetxeez gain, ARF esparrutik minutu gutxira lo egiteko aukera dago, camping (esparrutik 100 metrora, bost minutura) eta glamping aukeren artean aukeratuta; bigarren aukera hartzen dutenek kanpin-denda eta ohea prest topatuko dituzte.
  • Gastronomia: sukaldaritza gune bakarra izango da, zero kilometroko produktuekin egindako eskaintza gastronomiko zabalarekin. Besteak beste, Trashville hanburgesa, hotdog-ak, ogitartekoak, kroketak, patata frijitu artisauak, janari asiarra, postreak eta izozkiak. Aukera begetarianoa, beganoa eta glutenik gabekoa izango dira, baita alergenoei buruzko informazioa ere.

SARRERAK

Sarrera edo bonurik gabe baldin bazaude, Azkena Rock Festival jaialdiaren webgune ofizialean erosteko garaiz zabiltza oraindik:

  • Bonua (hiru egun): 155 euro
  • Gaztea Bonua (15 eta 23 urte bitarteko pertsonentzat): 100 euro
  • Bonua + kanpina: 175 euro
  • Kanpina (lau gau): 20 eurotik aurrera
  • Eguneko sarrera:
    • Osteguna: 50 euro
    • Ostirala eta larunbata: 70 euro
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide