EAJk eta PSEk akordioa itxi dute, "erakundeen gobernagarritasunerako"

Erredakzioa 2023ko eka. 2a, 10:50
PSEren kanpaina amaiera, Gasteizen; eskuinean, Maider Etxebarria alkategaia. Argazkia: PSE

Aldundietan eta udaletan koalizio gobernuak osatzeko akordioa itxi dute EAJk eta PSEk. Legutio jeltzaleen esku geldituko da, eta PPren babesa beharko dute Gasteizko eta Oiongo alkatetzak eskuratzeko. PPk Bastida eta Guardiako alkatetzak berreskura ditzake.

Ofiziala da: ostiral goizean zabaldutako ohar batean, EAJk eta PSE-EEk baieztatu dute EAEko "foru eta toki erakundeen gobernagarritasunerako" akordioa adostu dutela, bi alderdietatik bozkatuena buru izango duten koalizio gobernuak osatzeko. Idazkian beste alderdien aipamenik egin ez badute ere, Gasteizko Udalean PPren babesa bermatu beharko dute oraindik sozialistek eta jeltzaleek, Maider Etxebarria alkate izendatu nahi badute.

"2015etik aurrera Euskadiko erakunde nagusiak koalizioan gobernatu ditugunok asebetetze maila altua utzi digun balantzearekin, ulertzen dugu gu garela, elkarren kolaboratzaile gisa, helburu horiek ondoen bete ahal ditugunak. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu, egin ahal den tokian, akordio hau berriz gauzatzea", azaldu dute oharrean.

"Gobernagarritasuna bermatzetik harago, oinarri garbiekin ondorengo erronkei aurre egin diezaiegun: zerbitzu publikoen babesa, desparekotasun-egoeren kontrako borroka, gizartearen aurrerabidea eta justizia soziala eta euskal gizarteak egun dituen erronka handiei erantzutea: klima aldaketa, erronka demografikoa eta ekonomia produktibo berri baterako ibilbidea, enplegu eta laneko eskubide berriekin", gaineratu dute.

Legutio eta Arabako Errioxa

Akordioaren bitartez, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren hirugarren agintaldia bermatzeaz gain, eta Gasteizko Udalean koalizio gobernua berresteko aukera errazteaz gain, Legutioko alkatetza Nerea Bengoa jeltzalearen esku geldituko litzateke.

Bestalde, PPk giltza du Oionen EH Bilduri (5 zinegotzi) alkatetza kentzeko, bere bi zinegotziek EAJ (3) eta PSEren (2) arteko koalizio gobernua babesten badute. Bestalde, Bastidan eta Guardian EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa errepikatzen ez bada, alkatetza PPren esku geldituko litzateke; aukera hori saihesteko bi aukera daude: jeltzale eta subiranisten arteko akordioa berrestea edo EH Bilduk "doako" babesa ematea EAJri.

Data gakoa: ekainaren 17a

Udal eta foru hauteskundeen ostean, ekainaren 17an, larunbatean, osatuko da Gasteizko udalbatza berria, eta bertan bi hautagaitza izango dira mahaigainean: alde batetik, Rocio Vitero, EH Bilduko alkategaia eta hautagai bozkatuena; bestetik, Maider Etxebarria, PSE-EEren alkategaia eta bigarren hautagai bozkatuena.

Guztira 27 zinegotziren artean aukeratuko da alkate berria: EH Bilduko zazpi, PSE-EEko sei, PPko sei, EAJko sei eta Elkarrekin Podemoseko bi. Gehiengo osoa lortu nahi duen hautagaitzak gutxienez 14 zinegotziren aldeko botoa beharko du. Gehiengo osoa osatzeko akordiorik ez balego, boto gehien lortu dituen zerrendako buru den zinegotzia izendatuko litzateke alkate.

Etxebarria, "zalantzarik gabe"

Momentu honetan, lehenengo aukera da gertagarriena; hau da, orain arte alkateorde izandako Maider Etxebarria sozialista alkate izatea. Gaur goizean itxitako akordioarekin, 2019an bezala, EAEko hiru foru aldundietan eta udal nagusietan koalizio gobernuak osatzea adostu dute EAJk eta PSEk. Modu horretan, bi alderdien artean hamabi zinegotzi batuko lituzkete Gasteizen.

Hala ere, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ostegun honetan Radio Euskadi irratian ziurtatu du Etxebarria alkate izango dela "zalantzarik gabe". Hau da, Anduezak ziurtzat jo du PPren "doako" babesa izango duela —gratis et amore—; popularrek beraiek eskaini dute aukera hori, EH Bilduri alkatetza kentzeko. Buruzagi sozialistaren arabera, PP ez litzateke udal gobernu horren parte izango. Une honetan, beraz, PPren esku dago giltza, baina hainbat buruzagik esandakoaz harago, ezer ez dago ziurtatuta.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik "eskandalagarritzat" jo du EAJk eta PSEk "EH Bilduren aurkako aliantza santu" batean parte hartzea "Ayusoren PPrekin batera".

PAKTOMETROA

"Gobernu aurrerakoia ala eskuinekoa"

Nolanahi ere, ekainaren 17ra arte ezer ez dago idatzita. Aukera horri helduta, ostegun honetan lehenengo bilera ofiziala egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Alde batetik, Rocio Vitero alkategaia eta Ivan Santamaria EH Bilduko Gasteizko koordinatzailea; bestetik, Elkarrekin Podemosen aldean, Garbiñe Ruiz zerrendaburua eta Oskar Fernandez, bigarren zinegotzia.

Bi indar politikoen arteko "sintonia programatiko eta politikoa" azpimarratu dute bileraren ostean, hedabideei helarazitako ohar labur batean, eta datozen egunetan harremanetan jarraitzea adostu dute bi aldeek.

"Gasteizko herritarrek zentzu aurrerakoia duen norabide aldaketa bermatu dute hautetsontzietan. Egiaztatu dugu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek udalerri gisa ditugun erronka eta lehentasun asko partekatzen ditugula: babesa eta zaintza hobetzea, trantsizio energetikoa azkartzea edo justizia sozialean sakontzea, besteak beste. Aldaketarako aukera historikoa dela ere ados gaude, eta lanean jarraituko dugu azkeneraino eramateko", adierazi du Viterok.

EH Bilduko alkategaiak hiru aukera ditu oraintxe bertan: negoziazioetan ezusteko bira bat lortzea, PSEren edo EAJren babesa bereganatuz; ezusteko beste aukera gisa, PPk "doako" babesari uko egitea edo EAJk eta PSEk babes horri uko egitea; edo, denak aurreikusitakoaren arabera jarraitzen badu, hurrengo lau urteetan oposizioaren buru izateko motorrak berotzea.

HAUTESKUNDEEN EMAITZAK


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide