Paktometroa

Nor izango da Gasteizko lehen emakume alkatea?

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 16:00

Maider Etxebarria eta Rocio Vitero alkategaiak. Argazkiak: PSE / EH BILDU

PSEren ustez, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izango da "zalantzarik gabe"; horretarako EAJrekin koalizio gobernua osatu eta PPren babesa beharko du. EH Bildu eta Elkarrekin dagoeneko bildu dira "aldaketa aurrerakoia bermatzeko".

Atzera kontaketa martxan da. Udal eta foru hauteskundeen ostean, ekainaren 17an, larunbatean, osatuko da Gasteizko udalbatza berria, eta bertan bi hautagaitza izango dira mahaigainean: alde batetik, Rocio Vitero, EH Bilduko alkategaia eta hautagai bozkatuena; bestetik, Maider Etxebarria, PSE-EEren alkategaia eta bigarren hautagai bozkatuena.

Guztira 27 zinegotziren artean aukeratuko da alkate berria: EH Bilduko zazpi, PSE-EEko sei, PPko sei, EAJko sei eta Elkarrekin Podemoseko bi. Gehiengo osoa lortu nahi duen hautagaitzak gutxienez 14 zinegotziren aldeko botoa beharko du. Gehiengo osoa osatzeko akordiorik ez balego, boto gehien lortu dituen zerrendako buru den zinegotzia izendatuko litzateke alkate.

Bi aste baino gehiago falta dira egun horretarako, eta edozer gerta daiteke oraindik. Baina, paktometroa eskuan hartuta eta azken orduetako mugimenduak ikusita, une honetan hiru aukera nagusi daude mahai gainean:

  • Maider Etxebarria alkate izatea PSEren (6), EAJ (6) eta PPren (6) aldeko botoekin. Guztira, 18 zinegotzi.
  • Rocio Vitero alkate izendatzea EH Bildu (7), Elkarrekin Podemos (2) eta PSE (6) edo EAJren (6) babesarekin. Guztira, 15 zinegotzi.
  • Rocio Vitero alkate izatea, PSEren eta EAJren arteko gobernu akordioak PPren babesa lortuko ez balu. Modu horretan, alderdi bozkatuenaren zerrendaburu gisa, Vitero izango litzateke alkate, gutxiengoan.

PAKTOMETROA

Etxebarria, "zalantzarik gabe"

Momentu honetan, lehenengo aukera da gertagarriena; hau da, orain arte alkateorde izandako Maider Etxebarria sozialista alkate izatea. Oraingoz erabat itxita ez dagoen arren, litekeena da datozen ordu edo egunetan PSEk eta EAJk akordio orokor bat erdiestea, 2019an bezala, EAEko hiru batzar nagusietan eta udal nagusietan koalizio gobernuak osatzeko. Modu horretan, bi alderdien artean hamabi zinegotzi batuko lituzkete Gasteizen.

Hala ere, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ostegun honetan Radio Euskadi irratian ziurtatu du Etxebarria alkate izango dela "zalantzarik gabe". Hau da, Anduezak ziurtzat jo du PPren "doako" babesa izango duela —gratis et amore—; popularrek beraiek eskaini dute aukera hori, EH Bilduri alkatetza kentzeko. Buruzagi sozialistaren arabera, PP ez litzateke udal gobernu horren parte izango. Une honetan, beraz, PPren esku dago giltza, baina hainbat buruzagik esandakoaz harago, ezer ez dago ziurtatuta.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik "eskandalagarritzat" jo du EAJk eta PSEk "EH Bilduren aurkako aliantza santu" batean parte hartzea "Ayusoren PPrekin batera".

"Gobernu aurrerakoia ala eskuinekoa"

Nolanahi ere, ekainaren 17ra arte ezer ez dago idatzita. Aukera horri helduta, ostegun honetan lehenengo bilera ofiziala egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Alde batetik, Rocio Vitero alkategaia eta Ivan Santamaria EH Bilduko Gasteizko koordinatzailea; bestetik, Elkarrekin Podemosen aldean, Garbiñe Ruiz zerrendaburua eta Oskar Fernandez, bigarren zinegotzia.

Bi indar politikoen arteko "sintonia programatiko eta politikoa" azpimarratu dute bileraren ostean, hedabideei helarazitako ohar labur batean, eta datozen egunetan harremanetan jarraitzea adostu dute bi aldeek.

"Gasteizko herritarrek zentzu aurrerakoia duen norabide aldaketa bermatu dute hautetsontzietan. Egiaztatu dugu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek udalerri gisa ditugun erronka eta lehentasun asko partekatzen ditugula: babesa eta zaintza hobetzea, trantsizio energetikoa azkartzea edo justizia sozialean sakontzea, besteak beste. Aldaketarako aukera historikoa dela ere ados gaude, eta lanean jarraituko dugu azkeneraino eramateko", adierazi du Viterok.

EH Bilduko alkategaiak hiru aukera ditu oraintxe bertan: negoziazioetan ezusteko bira bat lortzea, PSEren edo EAJren babesa bereganatuz; ezusteko beste aukera gisa, PPk "doako" babesari uko egitea edo EAJk eta PSEk babes horri uko egitea; edo, denak aurreikusitakoaren arabera jarraitzen badu, hurrengo lau urteetan oposizioaren buru izateko motorrak berotzea.

HAUTESKUNDEEN EMAITZAK


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide