Udaltzaingoak soinu teknikaria atxilotu du Gaztetxearen urteurreneko jaialdian

Erredakzioa 2023ko api. 29a, 18:50

Gasteizko Gaztetxearen 35. urteurrena ospatzeko jaialdira bertaratu da Udaltzaingoa, kontzertuak debekatuz eta soinu teknikaria atxilo eramanda. Elkarretaratze batean "poliziaren erasoa" arbuiatu dute.

Aste honetan bere 35. urtemuga ospatzen ari da Gasteizko Gaztetxea. Tailerrak, plater irekiak, jolasak, bazkaria, mural margoketa eta kontzertuak izan dira aste osoan zehar, 1988tik egin izan ohi den bezala.

Hala ere, larunbateko jaialdi nagusiak Udaltzaingoaren bisitarekin kontatu du. Hala Bedi irratiak jakitera eman duenez, 17:30ak aldera, bazkalostean, Udaltzaingoaren hainbat patruila agertu dira Gaztetxean, eta bertan zeudenei jakinarazi diete musika "oso altu" zegoela eta kontzertuak antolatzea "debekatuta" dagoela. Gainera, soinu probetan lanean zebilen soinu teknikaria atxilotu dute, "agenteei oldartu" izana leporatuta.

Udaltzainek ohartarazi dute egitarauarekin jarraituz gero berriro agertuko direla. Hala ere, dozenaka pertsona asanbladan bildu dira eta jaialdiarekin jarraitzea erabaki dute, Gaztetxera hurbiltzera eta espazioa defendatzera deituz. Poliziak eragozten ez badu, 19:30etik aurrera oholtza gainean izango dira Sound Riders eta Skabidean reggae taldeak, eta, amaitzeko, DJak.

Atxilotua dagoeneko aske gelditu da, eta 20:30ean elkarretaratzea egin dute Gaztetxearen parean, "poliziak gaztetxeari egindako erasoa salatzeko".

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide