Zatoz lagun Kantari!

Mirian Biteri 2019ko aza. 14a, 10:18

Pasa den asteburuan izan ziren entseguak, Dendaraban.

Asteburuan izango dira karaoke saioen grabazioak Dendaraban; Alearen webgunean 'streaming' bidez zuzenean ikusteko aukera egongo dira emanaldiak.

Kantariren abesti berriaren leloak ezin hobeto azaltzen du euskal karaokearen funtsa: Zatoz lagun kantari, izan gaur abeslari, kantari zuekin, abestu gurekin, euskaraz amets egin. Hori da, hain justu ere, ehunka gasteiztarrek asteburu honetan egingo dutena: euskaraz abestea, dantza egitea eta bereziki ondo pasatzea, hori baita ikuskizunaren helburu nagusia. 

Aurten ere aurreikuspen guztiak gainditu egin dira Gasteizko 15 ikastetxetako 622 gaztetxok eman dutelako horretan izena; 137 taldetan zeuden horiek banatuta. Baina parte-hartzaile kopurua mugatua da, 84 taldek baino ezingo dute parte hartu. Hortaz, zozketa egin behar izan dute.

Pasa den aste bukaerako entsegu saioen ostean, azaroaren 16an eta 17an egingo dira grabazioak Vital Kutxa Fundazioak Dendaraban duen aretoan. Arabako Aleak, GEU elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu duten karaoke ikuskizuna larunbatean hasiko da, 15:30ean, eta igande iluntzean amaituko dira saioen grabazioak. Denera, hamalau emanaldi grabatuko dituzte denbora tarte horretan. 

Iker Gutierrez, aurkezle berria

Edizio honetan, berrikuntza bat baino gehiago dakar formatuak. Batetik, aurkezle berria izango du aurtengo Kantarik; Euskal Telebistako Bagoaz! saioan aritu den Iker Gutierrez arituko da oholtza gainean aurkezle lanetan, Amaia Txintxurretaren ordez. Bestetik, Beñat Arizabaleta, hau ere Bagoaz! saioan ibilitakoa eta antzerki ikasketak dituena, izango da bigarren aurkezle lanetan arituko dena.

Baina, aurkezle aldaketaz gain, badago beste berrikuntza esanguratsu bat: saioak kantu berria estreinatuko du. 

Kantu berria ere badu ikuskizunak. Letra Amaia Txintxurretak berak egin du, eta Gauargi musika taldean harekin jarduten duen Asier Castro ermuarrak egin du musika. Hain justu, hango, Ermuko, Musical Arabako estudioan grabatu eta prestatu dute abestia, Humberto Esnaolarekin batera. "Dantzagarria izatea, itsaskorra; Kantari bukatzen denean denok dugu hortxe buruan amaierako kantu hori, eta era horretako abestia egin nahi izan dugu, gaztetxoei zuzendutakoa". Hitz horiekin definitu du Txintxurretak abesti berria.
Castro ohituta dago abestiak moldatzen, baina hutsetik sortzen ez hainbeste. "Niretzako, erronka izan da, moldaketak egitea askoz errazagoa izaten da. Kantua hutsetik sortu behar zenez, apur bat gehiago kostatu zaigu. Harmoniarekin hasi ginen aurrena; gero, melodia; gero, letra... eta gustura geratu gara, ea zer erantzun ematen dion orain jendeak", adierazi du.

Kantu berriarekin lehengoaren arrakasta errepikatzea da helburua: "Oso harrera ona izan duen kantua izan da orain arte eduki dugun hori. Baina ikusten genuen zaharkituta geratu direla kantuaren doinuak". Kantu berrirako hiru proposamen egin zituen Asierrek: bat ska erakoa, beste bat poperoagoa eta hirugarrena dance erakoa edo modernoagoa. Azkeneko horren aldeko apustua egin dute: "Ikusita, adibidez, ska doinuak baditugula bestela ere; En Tol Sarmiento, Betagarri... talde horien kantuak baditugu karaokean, eta desberdinago izan nahian edo, hortik joango da kantu berria", azpimarratu dute egileek.

'Streaming' bidez

Bestalde, aurrekoetan egin den bezala, asteburuko entseguetan parte-hartzaile bakoitzari lau gonbidapen banatu zitzaizkion grabazio egunean euren gurasoak, familiakoak edota gertukoak debalde sar daitezen ikuskizuna ikustera. Dena dela, alea.eus webgunean Kantari Gasteizen zuzenean ikusteko aukera ere izango da, streaming bidez bere hasiera orrian emitituko baititu asteburuan egiten diren musika saio guztiak; eta sare sozialetan ere, ekimenaren jarraipena egingo da.

Gainera, ohikoa den moduan, grabazioaren ikuskizunean grabatzen diren bideoak eta parte-hartzaileei ateratzen zaizkien argazki guztiak, alea.eus/kantari webgunean eskuragarri egongo dira. Lehenengo argazkiak igoko dira, eta egunek aurrera egin ahala, bideoak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide