Gaur goizean “Zigorgabetasuneko 40 urte. Egia, justizia eta erreparazioa” 1976ko martxoaren 3an gertatutakoei buruzko nazioarteko jardunaldiak hasi dira Artium museoan eta hauek irekitzeko ekitaldian izan da Gasteizko alkate Gorka Urtaran. Bertan alkateak dei egin du Espainiako gobernuko hurrengo presidenteak biktimei eta familiei barkamena eska diezaien eta giza eskubideak urratu zirela aitortu dezan.
“Nahiko nuke Espainiar estatuak, azken batean hura baita 1976ko martxoaren 3ko hilketen erantzulea, David Cameron eta Angela Merkelek egin dutena egin dezan, haiek barkamena eskatu dutelako Derryn “Bloody Sunday” izenekoan eta nazien holokaustoan gertatutakoagatik. Egindako mina aitortzea eta barkamena eskatzea egin daitekeen gutxienekoa da. Hartara, erreparazioaren bidean benetan aurrerapausoak ematen hasiko ginateke, eta biktimen memoria omentzen; izan ere, ez dugu ahaztu behar denok berdinak direla eskubideei eta merezi duten tratamenduari dagokienez. Denek merezi dute egia jakitea. Estatuak ezin ditu martxoaren 3ko biktimak ahaztu zigorrik gabe”, adierazi du alkateak. “Erantzukizuna argitu beharra dago, familiek zor zaien erreparazioa jaso eta egindako kaltea aitortu dakien”, amaitu du.