Martxoak 3

40 urteko "inpunitatearen" kontrako jardunaldiak

Anakoz Amenabar 2016ko ots. 29a, 12:57

Jardunaldiak aurkezteko Artium museoan egindako agerraldia

Martxoaren 3ko gertakarien 40. urtemugan, "Egia, Justizia eta Erreparazioa" nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte gaur eta bihar.

 

Martxoaren 3ko gertakarien 40. urtemugan, "Egia, Justizia eta Erreparazioa" nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte datorren otsailaren 29 eta martxoaren 1erako.

"40 urte pasa dira eta Justizia eskatzen jarraitzen dugu", adierazi du Martxoak 3 elkarteko eledun Andoni Txaskok Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian, jardunaldiok ospatuko diren lekuan hain zuzen. Justizia eskatzeko jarritako "oztopo" guztien aurrean eta Espainiaren "zigorgabetasunaren" aurrean, jardunaldi hauek beharrezkoak direla aipatu du biktimen elkarteko kideak. "Espainiako estatuan memoria historikoa nola lantzen ari diren sakon ezagutuko dugu, biktimeei nolako tratamendua ematen zaien, eta beste herrialdeetan memoria historikoa nola jorratzen ari diren ezagutuko dugu".

Hala, besteak beste,  Manuel Blanco Chivite militante antifrankista, Ricard Vinyes Bartzelonako unibertsitateko katedraduna, Agurtzane Juanena Aitzol Ariztimuñoren senidea –1936an fusilatutako apaiza–,  edota John Wray Irlandako Bloody Sunday-ko biktima baten anaia izango dira hauetan. Erreparazio politikoei buruzko ikuspuntu desberdinak batzeko alderdi politiko guztietako ordezkariek ere parte hartuko dute mahai-inguru batean. 

"Zirrikitu bat" Europako Parlamentuan 

EHBildu eta EAJren eskutik salaketa bat aurkeztu zuen Martxoak 3 elkarteak Europako Parlamentuan eta tramitera onartu dutela jakinarazi du Txaskok. "Hau da hartu genuen azken neurria, Espainiako estatuaren erabateko babesgabetasun eta inpunitatearen aurrean", azaldu du.

"Ustezko erantzuleen izenak ezagunak dira eta kausak irekita daude, berme guztiekin egoera honekin amaitzeko; lanean jarraituko dugu egia, justizia eta biktimei eman beharreko ordaina sustatzeko", adierazi du Izaskun Bilbao EAJko legebiltzarkideak. Ildo beretik, Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du pauso garrantzitsua izan dela: "Europako Parlamentuko agendan jartzea ez da gutxi, horrek kontzientziak astindu eta mugiarazten dituelako".

 

Jardunaldien egitaraua

OTSAILAK 29


09:30 Garai baten erradiografia, nazioartekotik herrira| Ricar Vinyes, Josu Chueca eta Manuel Blanco. Moderatzailea: Maddalen Iriarte

11:30 Martxoaren 3ko gertaerak, testuingurua, ondorioak eta ibilbide juridikoa| Arturo Val del Olmo, Jose Angel Cuerda, Jone Goirizelaia eta Javier Martinez de San Vicente. Moderatzailea: Eva Domaica

18:30 Espainiako Estatuaren zigorgabetasuna. Justizia unibertsala| Carlos Slepoy, Jacinto Lara eta Josu Ibargutxi. Moderatzailea: Dani Alvarez

 

MARTXOAK 1


09:00 Nazioarteko pertsona ezagunen babesa | Fabian Oman eta Pablo Greiff

09:30 Nazioarteko esperientziak| Carlos Martin Beristain, John Wray eta Jordi Guixe. Moderatzailea: Danilo Albín

12:00 Oroimenaren aldeko pauso ezberdinak| Josu Juaristi eta Izaskun Bilbao. Moderatzailea: Julio Iturri

16:00 Oroimena berreskuratzen Euskal Herrian| Paco Etxebarria, Emilio Majuelo eta Jon Mirena Landa

18:00 Erreparazio politikak erakundeetan| Jokin Bidarratz, Julen Arzuaga, Carmelo Barrio, Koldo Martinez eta Juanjo Vallejo.

19.30 Zigorgabetasunaren aurkako manifestuaren aurkezpena eta Lluis Llach eta Gorka Knorren musika emanaldia zuzenean.

Lekua: Artium zentro-museoan

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago