EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta i+Med S.Coop. enpresaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, EHU-i+Med Medikuntza Pertsonalizatuko Ikasgela inauguratu dute Arabako campusean.
EHUk ohar batean iragarri duenez, gela berriak industria farmazeutikoaren arloan "prestakuntza jarduerak, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea" izango du helburu.
Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldian, besteak beste Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordea, Manu Muñoz i+Med S.Coop. enpresako zuzendari exekutiboa eta Raul Perez enpresako zuzendari zientifikoa egon dira.
Ikasleek bertan egin ahal izango dituzte praktikak, gradu eta master amaierako lanak eta doktorego tesietara bideratutako ikerketa jarduerak. Rosa Hernandez irakaslea izango da gelaren zuzendaria.
Farmazia arloan "abangoardiako produktuak eta teknologiak ikertzen, garatzen, ekoizten eta merkaturatzen dituen" kooperatiba enpresa da i+Med, eta spin-off gisa sortu zen, EHUn bertan.