Euskal Herria Bizirikek "makroproiektuen inposaketaren" aurkako mobilizazioak deitu ditu

Mikel Buruaga 2024ko urt. 18a, 19:30

Manifestazio nazionala, erakusketa ibiltaria eta bestelako protestak antolatuko ditu Euskal Herria Bizirik sareak datozen hilabeteetan. "Trantsizio berdearen fartsa" salatu eta "trantsizio energetiko deszentralizatu" bat aldarrikatuko dute.

2023ko otsailean sortutako Euskal Herria Bizirik plataforma Euskal Herria Bizirik sarea bilakatuko da gaurtik aurrera, "lurraren defentsan" lanean ari diren Euskal Herriko herri mugimendu eta plataformen "indarra, ezagutzak eta ekintzak" bateratzeko asmoz: Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Makatzak Arratia, Interkonexio Elektrikorik Ez, Enkarterrin Makroeolikorik Ez, Oletan Ere Ez, Sañu Bizirik, Andatza Ezkeltzu Bizirik, Mendietan Eolikorik Ez - Barakaldo, Larramendiko Arnasa, Karakate Bizirik, Haizeak Bizirik (Bortziri-Malerreka), Errezil Bizirik, dozenaka norbanako...

"Natura eta landa ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andanaren inposaketari aurre egiteko" hainbat mobilizazio eta protesta ekimen deitu dituzte datozen hilabeteetarako, ostegun honetan Gasteizko Florida Parkean egindako prentsaurreko batean:

  • Hamaika erakusketa ibiltaria: Bortzirietako Haizeak Bizirik taldearen (Nafarroa) ekimenez, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek "lurraldea berreskuratzeko" aldarria oinarri duen erakusketa artistiko bat sortu dute, makroproiektu eolikoek kaltetutako zenbait familia eta bizilagunen testigantzak jasota. Estreinaldia Bera herrian egingo da, otsailaren 23tik martxoaren 3ra, eta ondoren Euskal Herriko hainbat herritan zehar mugituko da.
  • Otsailean: Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herria Bizirik sareak "enpresa korporazioen interesak babestu eta makroproiektu energetikoei bultzada berri bat emateko baliatu" nahi dutela salatuko du, ekimen berezi baten bitartez.
  • Martxoak 20, asteazkena: elkarretaratzea eta protesta martxa Barakaldoko BECen (Bizkaia), industria eolikoaren Wind Europe kongresuaren atarian.
  • Apirilak 13, larunbata: manifestazio nazionala eta topaketa, Azpeitian (Gipuzkoa).
  • Maiatzak 26, igandea: mendi martxa nazionala Kolitza mendira (Bizkaia), Balmasedatik abiatuta.
  • Euskal Herria Bizirik mapa: Euskal Herrian "lurrari erasotzen dioten makroproiektuak salatzeko" mapa informatibo bat kaleratuko dute.

"Trantsizio berdearen fartsa"

"Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema natural eta sozialen babesean, defentsan eta kontserbazioan" arreta jarri nahi dute, Gasteizko prentsaurrekoan azaldu dutenez. "Lurreko eta itsasoko habitatak suntsitzea eta atmosferaren kutsadura egungo kontsumo neurrigabea eta etengabeko hazkundea oinarri dituen ereduaren ondorio dira. Gure planetan bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko baldintza ekologikoak arrisku larrian jartzea da horren emaitza".

"Eredu ekonomiko horren arau nagusia ahalik eta etekinik handiena sortzea da, ingurumena edo gizartea kontuan hartu gabe", kritikatu dute. "Elite korporatiboek merkantzia bihurtzen ditu ura, baso baliabideak, haizearen indarra, eguzkia, laborantza lurrak, haziak... biztanle gehienentzat haien eskuragarritasuna baldintzatuz eta horiek zentzuz eskuratzeko denok dugun eskubide naturala pribilegio bihurtuz".

"Sistema horrek eragindako krisi ekosozialari aurre egiteko, botere ekonomikoek ulertzen duten jarduteko modu bakarra inposatzen jarraitu nahi dute. Trantsizio energetikoaren aitzaki faltsuarekin, jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute. Trantsizio berdea deitzen diote, baina berdea beren espekulazio jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da. Horregatik, fartsa hau salatzen dugu", gaineratu du Euskal Herria Bizirik sareak.

"Jokabide horren adibide gisa, Tapia Legea eta Nafarroako haren antzekoa presaka izapidetzeko prozesua aipa dezakegu. Tokiko erakundeek (kontzejuek, udalek eta beste erakunde publiko batzuek) hartutako erabaki legitimoak erdeinatu eta baliogabetu egiten dituzte, prozedura autoritarioak eta zentralizatzaileak ezarriz", kritikatu dute.

"Trantsizio energetiko deszentralizatua"

Euskal Herria Bizirik-en ustez, "lurraren defentsa, kontserbazioa eta biziraupenaren aldeko apustua funtsezkoa da ondorioak arintzeko". Hortaz, megaproiektuen aurkako borroka "ezinbestekoa eta urgentziazkoa" dela ohartarazi dute.

"Eeredu harrapari horren aurrean, ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatua eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa eremu bizi eta funtzionala bermatzea, baliabide naturalen aprobetxamenduaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte bat" aldarrikatu dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide