Estatu mailako hitzarmenari su eman diote Arabako egoitzetako langileek

Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 10:30

Aste honetan kalera itzuli dira Arabako egoitza pribatuetako langileak, hitzarmen probintziala exijitzeko. Hiru greba egunetako lehenengoan, estatu mailako hitzarmena erre dute, horrek dakarren "prekarietatea" salatzeko.

Urrian, azaroan eta abenduan zortzi greba egun deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek Arabako egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektorearen lan baldintza duinak bermatzeko lehenengo hitzarmen probintziala exijitzeko: urriaren 3 eta 4ko eta azaroaren 8, 9 eta 10eko bost lanuzteen ostean, aste honetan grebara itzuli dira, eta abenduaren 12an, 13an eta 14an irtengo dira kalera.

Asteartekoa azken urteetan sektorean egindako 30. greba eguna izan da, eta ELAk, sektoreko sindikatu nagusiak, "jarraipen zabala" azpimarratu du ordezkaritza duen hamabi egoitzetan, batez ere gerokultoreen artean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" salatu dituzte: "Ia egoitza guztietan grebarako eskubidea urratzen dela kontuan hartuta, oso positibotzat jotzen dugu greba hau; izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera ateratzea lortu dugu, bizi kalitate duina aldarrikatzeko", adierazi du ELAk.

Abenduko lehen protesta egunean, langileek manifestazioa egin dute hirigunetik, Maria Antonieta plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Mobilizazioaren amaieran, estatu mailako hitzarmenaren hainbat kopia erre dituzte, "hitzarmen hori eta baldintza horiek aplikatzeak dakarren prekarietatea" salatzeko. Horrez gain, goizean pikete informatiboak egin dituzte erresidentzietako sarreretan.

Hiru greba egun

Protestekin jarraitzeko, hilaren 13an eta 14an kalera itzuliko dira. Gaur, asteazkenean, 10:00etan Plaza Berritik abiatu dira manifestazioan, eta Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean ekitaldi bat egin dute, Olentzero eta Mari Domingirekin batera. Bihar, ostegunean, kotxe karabana bat egingo dute 11:00etan, Gazalbide egoitzatik abiatuta; arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute, 18:00etan Plaza Berritik.

"Erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa" salatu dute sindikatuek, mahai negoziatzailea martxoaren 15etik "blokeatuta" dagoela ohartaraziz. Administrazioen eta enpresen "gelditasun jarreraren" aurrean, patronalari dei egin diote "negoziazio mahaia desblokeatzeko, negoziatzera esertzeko, langileen aldarrikapenak entzuteko eta proposamenen baldintzak hobetzeko".

Araban, ordu gehiago eta soldata baxuagoa

Gaur egun, gerokultoreen lan baldintzak askoz okerragoak dira Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan baino: urteko lanaldia 1.792 ordukoa da —200 ordu gehiago—, eta hileko soldata 1.104 eurokoa —Bizkaian 1.460,80 eurokoa, eta Gipuzkoan 1746,20 eurokoa—. Izan ere, gure lurraldean ez dago probintzia hitzarmenik, eta estatu mailakoa aplikatzen da.

Horrez gain, sindikatuek salatu dutenez, kasu gehienetan bajak eta oporrak ez dira ordezkatzen, ratioak "neurriz kanpokoak" dira, eta oso arrunta da gaueko txandan langile bakarra egotea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide