Arabako egoitzak greban, hitzarmenaren korapiloa askatzeko

Erredakzioa 2023ko aza. 9a, 12:00

Azaroan Arabako egoitza pribatuetan deitutako hiru greba egunetako lehenengo bietan, "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak salatu eta langileen jarraipen "nabarmena" azpimarratu dute sindikatuek.

Urrian, azaroan eta abenduan zortzi greba egun deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek Arabako egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektorearen lan baldintza duinak bermatzeko lehenengo hitzarmen probintziala exijitzeko: urriaren 3 eta 4ko bi lanuzteen ostean, aste honetan grebara itzuli dira, azaroaren 8an, 9an eta 10ean; eta abenduan ere, gatazka bideratzen ez bada, hilaren 12an, 13an eta 14an irtengo dira kalera.

Sindikatuen arabera, azaroko lehen eta bigarren greba egunetan —sektorean orotara deitutako 27.a eta 28.a— jarraipena "nabarmena" izan da ordezkaritza sindikala duten hamabi egoitzetan, "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak %70ekoak zirela eta "ia egoitza guztietan grebarako eskubide urraketak" gertatzen ari direla kontuan izanda.

Asteazkenean, manifestazioa egin dute Gasteizko erdigunetik, Plaza Berritik Foru Aldundiraino, eta bertan lapikokada egin dute erakundeen inplikazioa eskatzeko. Eta ostegunean, berriz, IMQ Igurco egoitzatik abiatu eta Andre Maria Zuriaren plazara iritsi da mobilizazio nagusia. Halaber, goizero pikete informatiboak egin dituzte egoitzetako sarreretan. Bihar, ostiralean, hilaren 10ean, INMON Carmelitas egoitzan hasiko da manifestazioa, 11:00etan.

"Oztopo guztiekin, lankide asko kalera atera dira, bizi kalitate duina aldarrikatzeko", ospatu du ELA sindikatuak.

Araba: ordu gehiago eta soldata baxuagoa

Langileen ordezkariek "erakundeen pasibotasuna, ACRA, GESCA eta LARES enpresek osatutako patronalak negoziatzeko duen borondate eskasa eta Aldundiaren gelditasuna" salatu dituzte, eta ohartarazi dute negoziazio mahaia martxoaren 15etik blokeatuta dagoela.

Gaur egun, gerokultoreen lan baldintzak askoz okerragoak dira Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan baino: urteko lanaldia 1.792 ordukoa da —200 ordu gehiago—, eta hileko soldata 1.104 eurokoa —Bizkaian 1.460,80 eurokoa, eta Gipuzkoan 1746,20 eurokoa—. Izan ere, gure lurraldean ez dago probintzia hitzarmenik, eta estatu mailakoa aplikatzen da.

Horrez gain, sindikatuek salatu dutenez, kasu gehienetan bajak eta oporrak ez dira ordezkatzen, ratioak "neurriz kanpokoak" dira, eta oso arrunta da gaueko txandan langile bakarra egotea.

Erlazionatuak

Adinekoen zaintza, kezka eta borroka iturri

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 29 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide