Saretzen

Biztanleria gora, migrazioari esker

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko abe. 9a, 06:00

Urteotan gizartea nabarmen zaharkitu da, eta 60 urtetik gorako pertsona gehiago dago gurean. PIXABAY

Arabako demografiak 2001 eta 2021 artean izandako bilakaeraren azterketa egin du ALEAk, Saretzen proiektuaren baitan. Erroldatutako pertsonen kopurua hazi egin da herrialdean; arabarren adinak gora egin du, baita hogei urtetik beherakoen kopuruak ere, maila txikiagoan bada ere. 

Azken hogei urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egin dute Tokikomek eta EITB taldeetako hedabideek, modu bateratuan, Eustat (EAE) eta Nastat (Nafarroa) iturri hartuta. Datu kazetaritza lantzea helburu duen lankidetza proiektu honen lehen saiakeran, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatzea bilatu da. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarri da arreta, eta udalerriak ere aztergai izan dituzte, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta.

Aurrerantzean ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokitzea. Gure aldetik, ALEAn, Arabako datuen azterketa orokorra egin dugu eta alea.eus webgunean udalerri bakoitzeko xehetasunak ere plazaratu ditugu.

Lurralderik gazteena

2001etik 2021era bitarteko datuak kontuan hartuta, Araban erroldatutako pertsonen kopurua hazi egin da. Hego Euskal Herrian hazkundea orokorra izan arren, Nafarroa (+%19) eta Araba (+%16) dira gehien hazi direnak. Halaber, arabarren adinak gora egin du azken urteotan. 60 urtetik gorako pertsonen kopurua %59 igo da. Baina hogei urtetik beherakoen kopuruak ere gora egin du (%27). Horrela, Araba Hego Euskal Herriko lurralderik gazteena da, Nafarroaren ondoren.

Migrazioaren garrantzia

Migrazio mugimenduei dagokienez, orokorrean Arabatik emigratu duten pertsonen kopurua etorri diren migratzaileena baino txikiagoa izan da; eta migrazio-fluxuak batez ere Gasteizen sortutako fenomenoek baldintzatzen dituzte. Araba lurralde erakargarria da, bai Espainiako estatutik etorritakoentzat zein atzerritik datozenentzat.

Hala, Araban, Gorbeialdea izan da portzentualki gehien hazi den eskualdea,  %33,45eko hazkundearekin; eta portzentualki ere gehien hazi den udalerria Dulantzi da, 1.534 pertsona hartu baititu bi hamarkadatan, bere populazioa %96,9 handituz. Hala ere, termino absolutuetan, Gasteiz da gehien hazi den hiriburua, 33.157 auzokide gehiagorekin. Laudioko bilakaera kontrakoa izan da, biztanle gehien galdu duen udalerria baita; 2021ean 428 bizilagun gutxiago zituen, hau da, %2,32 gutxiago.

Etengabeko zaharkitzea

Bestalde, adinari dagokionez, urteotan guztiotan gizartea nabarmen zaharkitu da, eta 60 urtetik gorako pertsona gehiago dago gurean. Kuadrillaka, 2001ean Gasteiz zen gazteena, baina hogei urte geroago Arabako Errioxa izan da, hogei urtetik beherakoen adin-tartean biztanleriaren ia %20rekin. Hala ere, udalerriei dagokienez, 2001ean udalerri gazteenak Dulantzi, Samaniego eta Zuia ziren; 2021ean, berriz, Urizaharra, Dulantzi eta Agurain.

Saldo positiboa

Oro har, jaiotza gehiago izan dira heriotzak baino herrialdean, eta biztanleriaren saldoa positiboa da, hau da, biztanleria handitu egin da jaiotzei esker. Hala ere, 2018an jaiotza-heriotza kopuruak berdindu egin ziren eta, hortik aurrera, jende gehiago hil da belaunaldi-errelebo zuzenik utzi gabe. Joera oso desberdina da eskualdearen arabera. Añanan eta Arabako Mendialdean, adibidez, jaiotza baino heriotza gehiago gertatu dira ia bi hamarkadatan. Gauza bera gertatu da Arabako Errioxan. Gorbeialdean eta Arabako Lautadan, aldiz, balantzea desberdina izan da, nahiz eta 2017tik jaiotza gutxiago eta heriotza gehiago izan.

Datu absolutuei begiratuz gero, biztanle gehien dituzten udalerriak dira jaiotza gehien izan dituztenak: Gasteiz, Laudio eta Amurrio, ordena horretan. Hilkortasunari begira, Samaniego, Añana eta Lagran dira portzentualki hilkortasun-tasa handienak pairatu dituztenak azken hogei urteotan. Gainera, ikus daiteke apenas ez dutela jaiotzarik izan denbora tarte horretan. Horien artean, Samaniego nabarmentzekoa da, lau urtetan agertzen baita hilkortasun-tasarik handiena izan duten udalerrien artean.

Migrazioari dagokionez, Gasteiz, Laudio eta Amurrio dira emigrante gehien izan dituztenak, baina, aldi berean, etorkin gehien jaso dituztenak ere badira. Atzerriko immigrazioa eta Espainiako Estatutik etorritakoa parekatuta daude zenbaki absolutuetan herrialdean. Migrazioen mugimenduetan jaitsierak egon dira krisi ekonomikoan eta pandemia garaian, baina azken bi urteetan berreskuratu da fluxua. 

Erlazionatuak

"Espainiako Ejidoren euskal bertsioa muturrean dugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022 abe 09 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide