Hitzarmen berria sinatu dute Arabako kirol jardueren sektorerako

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 20:20
Kirol jardueretako langileen elkarretaratze bat. / Argazkia: LAB

Arabako kirol jardueretako hitzarmen kolektibo berriak 2020 eta 2023 urteen arteko aldia barne hartzen du. Besteak beste, soldatak KPIaren arabera eguneratuko ditu eta lanaldia 55 ordu arte murriztuko du kategoria batzuetan.

Negoziazio saiakerek eta aldizkako grebek markatutako bi urteko blokeoaren ostean, maiatzean lortutako akordio ekonomikoaren ondorioz, azken orduan bost eguneko greba bertan behera utzi zuten Arabako kirol jardueretako langileek. Orduan, KPIari lotutako soldata igoera lortu zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko 400 langile ingururentzat —besteak beste, begiraleak, sorosleak eta kontrol teknikariak—.

Negoziazioak desblokeatu zituen akordio horretatik bi hilabetera, astelehen honetan, 2020-2023 urteetarako hitzarmen berria izango denaren akordioa sinatu dute sektorean ordezkaritza duten sindikatuek eta enpresen elkarteak; besteak beste, Aiteko eta Disport Eki dira gaur egun administrazio publikoek lehiaketara ateratzen dituzten zerbitzu gehienen enpresa esleipendunak.

LAB sindikatuak sektoreko langileak zoriondu ditu ohar batean, "akordio oso ona" eta lan baldintzetan "aurrerapauso garrantzitsuak" lortu dituztela azpimarratuz. Soldatei dagokienez, hitzarmenak KPIaren arabera eguneratuko ditu soldatak, eta sektoreko gutxieneko soldatak 1.200 euro garbiak gaindituko ditu; gainera, esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen duen antzinatasun-plus bat lortu dute sindikatuek.

Bestalde, urteko lanaldia 55 ordu arte murriztuko da kategoria batzuetan, lan zentroen arteko joan-etorriak mugatuko dira, eta koadranteen hautaketa arautuko da. Horrekin batera, subrogazio eskubideari berme gehiago emango zaizkio, eta barne promozioak arautuko dira ere.

"Akordio hau sektorearen antolaketaren eta borrokaren emaitza izan dela. Horregatik, beste behin ere, negoziazio prozesu honetatik atera behar dugun ondorioa da, ausardiaz, antolaketaz eta borrokaz, langileriak markatzen dituen helburuak lortu ditzakeela", aldarrikatu du LABek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide