OMENDUAK

Atzean egon direnen omenez

Juanma Gallego 2022ko eka. 17a, 08:00

Araba Euskarazen antolakuntzan jende andana ibili da urtez urte, bigarren plano batean, dena ondo ateratzen dela ziurtatzeko. ALEA

Araba Euskarazen antolaketaren atzean egon diren hainbat pertsonari omenaldia egingo diete aurten, urte hauetan guztietan "auzolanean egindako lana" eskertzeko. ALEA ere omenduko dute.

Txandak, atontzeak, txostenak, baimenak, burokrazia, telefonoa, publizitatea, jagoletza... kontaezinak dira Araba Euskaraz baten atzean dauden ardurak. Gehienetan, horiek guztiak oharkabean pasatzen dira, bigarren plano batean. Aurten, halako jardunetan egon diren lagun asko aintzat hartu nahi izan dituzte. Denak oholtza gainera igotzea ezinezkoa denez, ikastola bakoitzetik lagun bat aukeratu dute.

Horietako bat da Oiongo San Bizente ikastolako idazkari Txaro Zabala. "Tira, niri gauza hauek ez zaizkit batere gustatzen; urduri jartzen naiz eta nahiago dut bigarren plano batean egon", aitortu du. Lasaitu dute esanez ez duela zertan hitz egin behar. "Kontua omen da soilik oholtzara igotzea, zerbait jasotzea eta listo, kar kar!".

Igandekoa ez da izango jaso duen lehen aitortza. 2015ean Oionen ospatu zen Araba Euskarazen zinta moztea egokitu zitzaion, ikasle batekin batera. 1984tik ikastolan dago, eta laster hartzekotan dago errelebo kontratu bat.

Ez du denbora larregirik izango omenaldietarako. Hori bukatu ostean, tonbolara joango da, hor txanda duelako. Bigarren planora, berriz ere.

Zabalarekin batera, Felix Sanchez (Armentia, Gasteiz), Mada Lado (Laudio), Mertxe Santamaria (Assa, La Puebla de Labarca), Edurne Ramon (Bastida), Jose Ignacio Cienfuegos Fusi (Lautada, Agurain), Saioa Urizar (Argantzon) eta Loli Garcia (Aresketa, Amurrio) egongo dira. Urte luzetan zehar antolakuntzan ibilitako Angel Olalde ere omenduko dute, eta ALEAren zuzendari Aritz Martinez De Luna ere egongo da bertan, antolatzaileek hedabide honen jarduna omendu nahi izan dutelako. Ez pentsa, bera ere lanean jarriko dugu oholtzatik jaistean, argazki galeria egiten. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide