"Gordetako memoria hori gertukoentzako altxor txiki bat bihurtu da"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko ots. 3a, 10:52

Ondare inmaterialaren eta haren balioaren kudeaketan egiten dute lan Labrit Ondarea enpresan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren ‘Zerbitzua eta Lana euskaraz’ maila dute 2006a ezkero eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendaritzako kide izendatu dituzte berriki. 

Zein arlotan egiten duzue lan Labriten?

Enpresa berezia gara. Ondare inmaterialaren eta haren balioaren kudeaketan egiten dugu lan eta Europa mailan gu gara horretan jarduten dugun enpresa bakarra. Ahozko memoriaren bilketan 12 urte daramatzagu eta 3.000 bat bizitza-histora bildu ditugu, batez ere Nafarroa Garaian. Ikus-entzunezko 5.000-6.000 ordu ditugu gure korpusean. 

Orain, metodologia hori demokratizatu eta publiko orokorrera eskaini dugu Vitagrama izeneko zerbitzuaren bidez. Vitagramaren bidez edozein familiak gorde ahal izango du etxekoen memoria hurrengo belaunaldietarako. Hori da momentu honetan dugun erronkarik handiena.

Horretaz gain, aholkulkaritza lanak egiten ditugu, balioaren kudeaketaren ingurukoak: komunikatiboak, ikerketa-lanak, transmisio-lanak (dokumentalak, webguneak). 

Profil ezberdinetako lankideak gaude Labriten: antropologoak, historialariak, etnografoak dira erdiak; beste erdiak komunikatzaileak gara. Korpusa biltzea hori hedatzea bezainbesteko garrantzitsua da. Bildu eta gero kaxoi batean gordetzeak ez dauka zentzurik; ikus-entzunezko formatuan biltzen ditugu bizitza-historiak. Hurrengo belaunaldietan pantailaren bitartez helarazten ez dena ziurrenik ez da iritsiko. Gure ardura da hori iritsi dadin.

Zer da ondare inmateriala eta zergatik da garrantzitsua hori jasotzea?

Ondare inmateriala da belaunaldiz belaunaldi ahozkotasunaren bitartez helarazten diren jakintzak. Izan daiteke errezeta bat mamia egiteko, adibidez, edo itsasontzi bat mugitzeko errezetak. Izan daiteke ahozko literatura, kultura manifestazioak (dantza bat, Santa Ageda abesbatzak..). UNESCOk zazpi esparru identifikatzen ditu: ahozko tradizioak, ikuskizunaren arteak, erabilera sozialak, errituak, jaiegunak, naturari eta unibertsoari buruzko ezagutzak eta praktikak, eta artisautza tradizionalari lotutako jakintzak eta teknikak.

Orain arte belaunaldiz belaunaldi lortu badugu horri eustea, gure esku dago orain hori hurrengo belaunaldietara iristea, baina ez modu fosilizatu batean. Edozein manifestazio kultural hartzen badugu, alardea edo danborrada, adibidez, eta kutxa batean sartzen badugu eta esan hau horrela dela, seguru hurrengo belaunaldiek ez dutela bere sentituko. Manifestazio hori bizirik mantendu behar dugu eta gaur egun protagonistak diren pertsona horien bizitzetara eraman. Agian gaur egun ez du zentzurik egurra errekan behera Almadia baten bitartez garraiatzeak, baina gaur egun lortu duguna da ohitura hori modu identitario batean gureganatzea eta manifestazio hori bizirik mantentzea. Gaur egungo Erronkariko eta Zaraitzuko gazteak joaten dira Almadia bat eraikitzera eta ohitura mantendu da azken belaunaldietan. Horregatik da garrantzitsua.

Ondare inmaterial hori gero nola gorde? 

Gure metodologia da ikus-entzunezkoen bitartez jasotzea. Zerbait inbentariatu behar denean, teknikoagoa adibidez, hori ere ikus-entzunezkoen bitartez egiten dugu. Badugu zerbitzari oso potente bat eta hor dugu dena behar bezala indexatuta. Inbertsio handia egin dugu korpus hori osatzen eta geroz eta aplikazio gehiago ditu.

Pandemia honetan herritarrek bizi izan dutena biltzen ibili zarete zenbait herritan. Zein testigantza jaso dituzue? Zer nabarmenduko zenuke?

Benetako itxialdian geundenean skype bidez konektatzen ginen lankideak goizero eta konexio horietan komentatzen genuen nola baditugun hainbat lekukotasun Nafarroan oso esanguratsua izan zen 29ko Elurtearen inguruan. Garai hartan hilabetez egon behar izan zuten etxe barruan. Lekukotasun horiek aztertzen aritu ginen eta komentatzen genuen hemendik 80 urtera aztertuko dugula bizi izan genuen itxialdia. Horri bueltak ematen hainbat esparrutan egin dugu ikerketa. Hasteko eta behin, deskofinamenduaren lehen egunetan, hainbat udalerritan egin genuen haien memoriaren biltzea. Leitzan eta Atarrabian, adibidez. Beste esparru batzuk ere aztertu ditugu: lehenbiziko ez-san ferminak eta lehenbiziko ez Artzain Eguna Uharte Arakilen, adibidez. Esparru geografikoetan eta esparru sozial zehatzetan egin dugu ikerketa hori. Oso interesgarria da eta emozio asko piztu dira honen ondorioz ere. Asko aldatu zaigu bizitza ulertzeko modua eta horrek gordetako memoriari balio gehiago eman dio. Jende askok ezin izan die gertukoei behar bezala agur esan, ezin izan dute memoria hori nolabait jaso, eta gordetako memoria hori gertukoentzako altxor txiki bat bihurtu da.

Emankunderen “Eta zuk, ikusten al duzu?” kanpaina ere egin duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?

Kanpaina hau oso adibide garbia da ahozko memoriaren erabilpena ikusteko. Zazpi emakumeren lekukotasunak bildu ziren eta  beraiekin egin genituen beste dinamika batzuren ondorioz sortu zen kanpaina hori. Hor ikusten diren lekukotasunak benetakoak dira eta horrek sinesgarritasun handia eman dio kanpainari. Oinarrietako bat hori izan da: benetako lekukotasunak direla eta hau gertatzen ari dela gure inguruan. Zure esku dago ikustea edo ez, baina gertatu, gertatzen ari da. 

Bai Euskarari Ziurtagiria duzue eta berriki Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzaren kide ere izendatu zaituzte. Euskarak zein leku du zuenean?

Lan-taldean lankide guztiak elebidunak gara eta gure lan hizkuntza da. ‘Nortasuna lantzen’ da gure leloa eta nortasuna lantzeko ezinbesteko osagaia da hizkuntza. Guretzat lanerako eta bizitzarako hizkuntza da euskara. 

Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzan egonik, zein ekarpen egin nahiko zenukete?

Periferiaren begirada, ezinbestean. Hori da gure ekarpenik handiena. Toki guztietan egoerak eta beharrak ez dira berdinak, eta hausnarketak ere ez; aniztasun horrek ematen dio zentzua zuzendaritza batzorde horri. Eta harrotasun handiz egiten dugun lan bat da.

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide