Euspot Lehiaketaren laguntzaile izango da Bai Euskarari Elkartea, hirugarren urtez

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko urt. 26a, 14:51

Euspot, euskarazko spot lehiaketaren hamaikagarren edizioa Kooperatibismoa gazteei gerturatzen saiatuko da. Hain justu ere, aurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izango da babesle nagusia. Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Arteman Komunikazioak antolatzen dute lehiaketa eta aurten ere Bai Euskarari Elkarteak laguntzaile bezala parte hartuko du. Gure helburua arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea izanik, estrategikotzat jotzen dugu ikus-entzunezkoen industrian eta gazteen artean ere eragitea.

Gaur aurkeztu da, Gasteizen, lehiaketaren aurtengo edizioa. Aurkezpenean izan da Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria eta nabarmendu du “euskarazko publizitatea eta sormena sustatzen aitzindaria dela lehiaketa” eta “gazte eta ez hain gazteak” animatu ditu lehiaketan parte hartzera.

Hemen duzue lehiaketako aurkezpen-bideoa:

Kooperatibismoa izango da gai nagusi

Aurtengo spotak animatu behar ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan behar du helburu. Zergatik lan egin kooperatiba batean? galderari erantzun beharko dio spotak.

3.000 euro baino gehiago saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).

  • Publikoaren saria (500 euro).

  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).

  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).

  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Lanak aurkezteko epea

Parte-hartzaileek maiatzaren 19a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.

30 segundo gehienez eta formatu librean

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Iazko berrikuntzari jarraituz aurten ere formatua librea izango da, hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango da: horizontalean ala bertikalean.

Lehiaketaren inguruko informazio gehiago duzue Euspot.eus webgunean.

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide