Elkarlanaz bi hitz

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko abe. 23a, 10:34

('Bai' aldizkariaren 34. zenbakian argitaratutako editoriala).

Bai Euskarari Elkarteak aurten abiatutako zenbait proiekturen berri aipatu nahiko nituzke lerrootan. Proiektu berriak dira, garai zailetan abiatutakoak, elkarlanaren emaitza direnak. Pandemiak bete-betean jo zuen 2020-2022 epealdirako plan estrategikoan zehaztutako ildoak abiatu genituenean eta, hala ere, gai izan gara identifikatutako foku nagusien inguruan urrats esanguratsuak egiteko. Hortik etorri dira gure azken berrikuntzak: elkartearen osotasuna eta hedadura erakusteko marka berritzea, gure lan eremuak eta proiektuak behar bezala antolatzea, lankidetza berriak bilatzea… Gure ohiko proiektuekin segitu dugu eta, halaber, gai izan gara alor sozioekonomikoaren eragileen eta espazioen aktibazioan eragiteko proiektu berriak lantzeko eta abiatzeko: Elkarrengandik Ikasiz solasaldien bitartez, etorkizunera begirako ikaskuntzak jasotzearekin batera, kooperatibismoaz, formakuntzaz, enpleguaz eta lan eredu berriez elkarrengandik ikasteko aukera izan dugu. Arabako enpresen foroan ere elkarrekin ari gara, lurraldeko enpresen eta administrazioen eskutik; erronkak zehazten hasita gaude, alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko asmoz. 2022an ere beste zenbait proiektu aurkeztuko ditugu, lankidetzaren emaitza izango direnak.

Hausnarketa estrategikoan azpimarratu genuen bezala, gure elementurik bereizgarriena Bai Euskarari Ziurtagiria da. Ekainean jakinarazi genuen proiektu honetan Eusko Jaurlaritzak zehaztutako Erreferentziazko Marko Estandarrera hurbiltzeko eta egokitzeko urratsak egin ditugula, lankidetza errazteko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Planean -EESSP- aitortzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egindako ekarpena eta azpimarratzen da ziurtagirien eskema egokitu, indartu eta zabaltzearen beharra. Planean jaso arren, oraindik ez da inolako lankidetzarik bideratu alor honetan eta, gainera, bada zantzurik esateko Jaurlaritza marka berri bat sortzeko asmotan dabilela…

Azken hilabeteotan geroa elkarrekin eraiki beharraz aritu gara, elkarlanean jardutearen beharraz, jauzia egiteko edo egoera eraldatzeko batzearen beharraz. Guk ez dugu inolako zalantzarik eta horretan ari gara. Beste eragile batzuk ere hitzetatik ekintzetara pasatzen ikusi nahiko genituzke, elkarlanaren bideari zintzoki helduta.

Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide