"Eguneroko autoarekin mugitu ahal zara eta nahi duzun lekuan lo egin"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko aza. 24a, 16:45

Auto arruntak kanper bihurtzeko altzariak egiten hasi zen Gus Elizondo Irigoin hazpandarra duela pare bat urte. Bidaiatzeko grina eta zurgin ikasketak uztartu eta Furgoneta txiki nahiz handiagoentzako kutxa kengarriak egiten ditu Moondura Kit Van Camper proiektuarekin. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuen eta ‘Zerbitzua eta Lana euskaraz’ eskaintzen du. Mila esker, Gus!

Zer da Moondura proiektua? Zer egiten duzu?

Auto nahiz furgotenentzako kutxak fabrikatzen ditut, kanper bihurtzeko; kutxa kengarriak dira. Hasieran lan egin nuen Kangoo, Berlingo eta Cady autoentzat, baina lan egin dezaket furgoneta handientzat eta auto arruntentzat ere. Kutxa bat egiten dut, maletategian egoten dena. Hala, 5 eserlekuak mantentzen dira eta gero ohea bihurtu nahi duzunean atzeko eserlekuak jaisten dira. Modelo desberdinak egiten ditut eta beti kengarriak dira.

Nondik sortu zen ideia? Noiz eta nola hasi zinen proiektu honekin?

Duela 5 bat urte sortu zitzaidan ideia. Kangoo batekin bidaiatzen hasi nintzen eta harentzako kutxa sinple bat egin nuen; maletategian gauza batzuk ordenatzen ahal genituen eta gero ohea bihurtzen zen. Duela bi urte banuen asmoa enpresa sortzeko honen inguruan eta 2020ko ekainean lantegia sortu nuen, baina beste enpresa batean lanean ari nintzen oraindik. Aurten eman du pausoa eta 2021eko martxotik aurrera lan egiten dut 0ean niretzat. 

Zurgin ikasketak egin nituen eta 10 urtez zurgintzako saltegietan egon naiz lan egiten.

Badirudi bidaiatzeko grina handitu dela gure artean. Nabaritu duzu horrelakorik?

Bai. Bidaiatzeko metodoak aldatu egin dira azken hilabeteetan eta iruditzen zait gero eta jende gehiagok horrelako autoekin bidaiatu nahi duela. Erraztasuna ematen dizu nahi duzunean eta nahi duzun lekura joateko. Moondura izena ere hortik atera zen: mundua bisitatu dezakezu eta edozein lekutatik largia (ingelesez, moon) mirestu ahal duzu. 

Azken hilabeteetan etxean egon gara konfinatuta eta zenbaitek kanpora atera nahi dute baina hotelak itxiak dira edo bidaiatzeko zailagoa da hegazkinez, adibidez. Autoarekin mugituz gero errazagoa da. Eguneroko autoarekin mugitu ahal zara eta nahi duzun lekuan lo egin. Geroz eta jende geahigo ari da horrela bidaiatzen, eta zenbait gauza izan behar dira kontuan. Adibidez, naturan baldin bada errespetatu egin behar da eta zegoen bezala utzi. Dena dela, orokorrean giro ona dago mundu honetan. 

Euskararen aldeko apustua egin duzu hasieratik “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” ziurtagiria eskuratuz. Zein balio erantsi ematen dizu ziurtagiriak? Eta euskarak?

Niretzat ez zen apustu bat izan, naturalki egin dut. Webgunea, eskuorriak edo publizitatea dena orokorrean elebitan egiten dut, euskaraz eta frantsesez. Ziurtagiria lortzea garrantzitsua zela iruditzen zitzaidan erakusteko euskara praktikatzen ahal dela laneko arlo askotan. Bai Euskarari Ziurtagiria ikusten da ostatuetan, jatetxeetan, eta lantegian ikusaraztea ere garrantzitsua da. 

Bestalde, Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan kokatzen da batez ere nire negozioa, baina baditut bezeroak Gipuzkoan ere, eta zenbait kontaktu Nafarroan eta Bizkaian. Euskal Herrian lan egitea da nire helburua eta tokiko produktuak erabiltzen ditut. Euskal Monetaren kidea naiz eta tokiko ekonomia sostengatzeko lan egiten dut. 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide