Jean-François Lefort (Mediabask): «Euskarari garrantzia eta prestigioa emateko tresna arrunt egokia da Ziurtagiria»

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko aza. 3a, 08:01

Mediabaskeko zuzendaria da Jean-François Lefort Lof. Urrian eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria Mediabaskek.

Zer da Mediabask eta zein dira bere helburuak?

Mediabask Ipar Euskal Herri mailako komunikazio proiektu bat da, 2015ean sortua, beraz, aski gaztea. 2012an desagertu zen Le Journal du Pays Basquen «oinordeko» gisa har daiteke. Jakin behar da ere, NAIZ taldeko kide garela, Euskal Herri osoko proiektu komunikatiboaren barnean.

Hedabide garen heinean, gure lehen helburua eta funtsezkoena herritarrak informatzea da, ahalik eta profesionaltasun eta zorroztasun handienarekin. Informazio hori tokiko begiradarekin ematea da gure lehentasuna. Jakina, edozein hedabide bezala, gure xedea da ahalik eta irakurle gehien ukaitea, baina hedabide handiei konparatuz, bereziki ekonomikoki eta editorialki independentea den tokiko prentsa kontsumi dezaten. Azkenik, gure helburua ere bada Ipar Euskal Herriaren garapena laguntzea eta horretan ekarpena egitea.

Zein dira Mediabasken euskarri ezberdinak, eta zer motako informazioa eskaintzen duzue? 

Hiru euskarri nagusi ditugu: paperean ateratzen den Mediabask astekaria, eta Mediabask.eus eta Kazeta.eus web atariak. Orain irratia sortzera begira jarriak gaude.

Gure funtzio nagusia da tokiko jendeei tokiko informazioa ematea, bai Ipar Euskal Herrikoa, baina baita Euskal Herri osokoa ere. Ikuspuntu horretatik entseatzen gara lantzen informazioa, hau gure lurraldetik kanpokoa denean ere. Guretzat baitezpadakoa da bertako aktoreei ahotsa ematea, manera anitz eta zabal batean, lurraldean diren ikuspuntu guziak kontuan hartuz beti.

Gure proiektuak atxikimendu azkar bat du lurraldearekiko eta bertan diren problematika eta gai nagusiekiko, eta ikuspuntu aurrerakoi batetik saiatzen da gai hauek guziak jorratzen. Aktualitatetik, eta manera sakonago batean ere. Horri loturik, lurraldearen garapenean rol bat betetzen dugula uste dugunez, eztabaidak pizteko edo elikatzeko tresna gisa ere hartzen dugu gure burua.

Zenbat langilek osatzen dute Mediabasken erredakzioa?

Mediabask taldean orotara hamasei langile gara, administrazioa, kazetariak, komertzialak eta argazkilariak kontuan hartzen baditugu. Jakin behar da horietatik bederatzi euskal hiztunak direla. Erredakzioan berriz, bederatzi kazetarik parte hartzen dute.

Zein egoeratan dago gaur egun kazetaritza Ipar Euskal Herrian? Hutsunerik ikusten duzue? 

Ertz anitz dituen gai zabala da. Globalki begiratuz, teknologia berrien eraginez aldaketa azkarrak gertatzen ari dira komunikazioaren eremuan. Tokiko hedabideentzat ez da erraza erritmo horretan hedabide handiek eraldatzeko duten gaitasuna ukaitea. Erranen nuke hori dela zailtasunetariko bat, baina egun bide horretan murgilduak gara.

Oraindik ere frantziar Estatu mailako edota sustengu ekonomiko handia duten hedabideen eragina izugarria da gure lurraldean. Horiekin lehiatzea biziki zaila da gurea bezala, ekonomikoki eta editorialki independente izan nahi duten proiektu komunikatiboentzat. Halere, herritarrek tokiko albisteak eta bertako jendeen ahotsa estimatzen dituzte geroz eta gehiago, eta hori da gure indarguneetariko bat.

Bertako gazteen eta kazetarien formakuntzan den hutsunea ere aipatuko nuke. Ikasleek Bordelera eta hein apalagoan Hego Euskal Herrira jo behar izaten dute kazetaritza ikastera. Haustura handia gertatzen da lurraldearekiko. Horregatik, unibertsitate mailako ikasketarik ez den bitartean, gazteak kazetaritzan formatzea erronka handi bat dela uste dut.

Ipar Euskal Herrian aldaketa sozial eta politiko anitz gertatu dira azken urteetan eta uste dut komunikazioaren eremuan ere testuinguru horri begiratu behar diogula jauzi berri bat emateko berrikuntzaren eta hedapenaren inguruan. Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira lanean ari garen hedabideentzat aro berri bat da hau, bertako eragile eta instituzioen arteko elkarlan dinamika azkar bat bizi dugulako.

Tokiko prentsa garatu nahi duzue eta horretarako elkarte zein ekimen ezberdinekin hitzarmenak dituzue. Zein hitzarmen dituzue?

Tokiko prentsa garatzeaz gain, tokiko aktoreekin lan egitea da gure hedabidearen filosofia. Orain Bai Euskarari elkartearekin egin dugun bezala, Euskal Monetarekin ere hitzarmen bat dugu Euskoaren erabilera hedatzeko eta tokiko ekonomia, trantsizio ekologikoa eta euskara sustatzeko.

Hedabideen esparruan, gure proiektuko Kazeta.eus atariaren bidez, Euskal Hedabideak elkartean parte hartzen dugu aktiboki. Bertan biltzen gara Kanaldude, Euskal Irratiak, Iparraldeko Hitza eta Herriarekin, elkarlanean euskarazko hedabideen lana gehiago hauspotzeko. Halaber, Bada gazte komunikabide berriarekin harremanak zabalik ditugu.

Euskararekiko atxikimendua ere nabarmena da zuen entitatean, berriki eskuratu baituzue Bai Euskarari Ziurtagiria. Zer eskaintzen dizue ziurtagiriak?

Sortu zenetik, Mediabaskek engaiamendu argia du euskararekiko eta bere normalizazioan eragiteko. Oroitu behar da jada 13 urte dituen euskara hutsezko Kazeta.eus atari digitala, Ipar Euskal Herrian lehena. Bestalde, gure ildo editorialak euskararen normalizazioaren erronkari erantzuten dio eta maleruski Ipar Euskal Herrian egoera soziolingustikoa zaila denez, euskaraz ez dakitenak euskarara hurbilarazteko funtzioa betetzen entseatzen gara.

Bai Euskarari Ziurtagiriak atzeman ditugun hutsuneak gainditu eta neurriak hartzeko parada ematen digu. Barne mailako funtzionamenduan eta bestelako desmartxetan zer hobetua genuela gogoetatu genuen. Kanpora begira, euskarari garrantzia eta prestigioa emateko parioa egiten dugu eta uste dugu Ziurtagiria horretarako tresna arrunt egokia dela. Azkenik, beste hedabide batzuk euskararekiko egin ditzaketen urratsei begira ekarpen bat ekartzen ahal duela uste dut.

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide