Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du Mediabaskek

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko urr. 14a, 07:45

Mediabask hedabideak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu berri du. Jean-François Lefort Mediabaskeko zuzendaria eta Zilia Heredia-Irigoyen Bai Euskarari Elkarteko Ipar Euskal Herriko teknikaria arduratu dira urrats hori aurkezteaz hedabideak Urruñan duen egoitzan.

(Argazkiaren egilea: Bob EDME)

Mediabask hedabidea 2015eko urtarrilean sortu zen, le Journal du Pays Basque egunkaria 2013ko abenduan hetsi ondoren. Erabaki horrek ez zuen ekarri kazeta.eus euskarazko gunea hestea, egunero informazioa sortzen segitu baitzuen.

Gaur, Iparla Baigura Komunikazioa Elkarteak hiru proiektu hauek argitaratzen ditu:

Mediabasken helburua da Euskal Herriko gaurkotasunari buruzko informazioa egunero ematea eta gaurkotasun horri buruzko eztabaidak eta gogoetak sortzea. Mediabaskek ‘Euskararen bidean’ ziurtagiria eskuratu du, euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen ari diren entitateei zuzendurikoa, hain zuzen.

Barne zein kanporako hizkuntza egoeraren azterketa bat egin ondotik, emaitzak neurtu eta planifikazioari ekingo dio Mediabaskek, euskararen garapenean urrats berriak egiteko. Bai Euskarari Ziurtagiriaren logoa egoitza nagusiko sartzean ez ezik, paperezko astekarian eta web atarian agerian da jadaneko.

Jean-François Lefort Mediabaskeko zuzendariak egindako urratsaren garrantzia azpimarratu du: «Mediabask bere sorreratik engaiatua da euskararen sustapenarekin. Gure ildo editoriala lurraldean euskara normalizatzearen aldekoa da, eta Kazeta.eus proiektuarekin euskara hutsezko eskaintza egiten dugu. Beharrezkoa ikusi dugu urrats berri bat egitea. Ipar Euskal Herriko jendartea euskarara hurbiltzeko ekarpena sendotzeko eta baita bertako hizkuntzari behar duen prestigioa emateko ere. Pentsatzen dugu hedabideek euskararen sustapenean funtzio garrantzitsu bat dugula betetzeko».

Bere aldetik, Zilia Heredia-Irigoyen Bai Euskarari Ziurtagiriko teknikariak nabarmendu duenez, «garrantzia betekoa du gizarteak berezkoak dituen eremuetako eragileek, hedabideek barne, beren ohiko aktibitateetan euskararen erabilera ere integratu dezaten pausoak emateak. Euskara sustatzen duenak, berrikuntzaren, aniztasunaren, bizikidetzaren, kohesioaren eta gure komunitatearen garapenaren alde egiten baitu. Bai Euskarari Ziurtagiria euskara sustatzeko tresna baliagarri eta eraginkorra da zalantzarik gabe. Gaur pozten gira Mediabaskek bide hori hartu izana, bere moduan euskararen erabileran eragingo baitu».

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide