Balantze ona eginez eta asmo eta erronka berriekin abiatu du PuntuEUSek urtea. Izan ere, PuntuEUS 2020 plana itxitzat eman eta PuntuEUS 2021 – 2023 plan estrategikoa abiatzea onartu du PuntuEUS Fundazioaren patronatuak.
Itxi berri den aldiak oinarriak ezarri eta .EUS domeinua komunitatean zabaltzea zuen helburu. “Ez dago zalantzarik helburuak arrakastaz bete direla. .EUS domeinuak gure gizartean lortu duen onarpena eta presentzia handia da. %242 hazi da domeinua epealdi honetan, domeinu kopurua ia hirukoiztuz eta 4.903 domeinu izatetik 11.927 domeinu izatera pasaz” azaldu du Josu Waliñok, PuntuEUSen zuzendariak. Urtarrilean gainditu da 12.000 domeinu-izenen langa.
Ibilitako bideari jarraiki gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea izango da PuntuEUSen hurrengo hirurtekorako xedea. Horretarako lau arlo edo erronka nagusitan jarriko dira indarrak: gizarte digital euskalduna, domeinua, industria digitala eta kudeaketa aurreratua.
Josu Waliño, PuntuEUSen zuzendariaren hitzetan, “gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuten dion plana garatu dugu. Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara, eta, guk, erronka horri euskaratik erantzuten lagunduko dion egitasmoa garatu dugu, gizartearen transformazio digitalean euskara eta .EUS domeinua gako izan daitezen”.
Datozen urteotan PuntuEUS Fundazioak euskararen estrategia digitalean sakonduko du, industria digitalaren sektorean euskaratik eraginez. .EUS domeinua da horretarako tresna nagusia, eta, helburua .EUS euskararen lurralde digitalean nagusi izatea da. Horretarako, domeinuaren zibersegurtasuna eta kalitate irizpideak areagotuko dira domeinuaren zabalkundea indartuz. Era berean, industria digitalean errotzen, domeinuen nazioarteko sektorean egoten eta eragiten jarraitzea da asmoa.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.