Familia turismoan oinarrituko da Arabako eskaintza Fitur azokan

Erredakzioa 2017ko urt. 16a, 12:06

Informazio liburuxka batek, mapa batek eta haurrentzat egokitutako karta joko batek osatuko dute eskaintza.

Araba datorren asteazkenean hasiko den Fitur turismo azokan izango da, eta bertan, familia turismorako eskaintza berri bat aurkeztuko du Aldundiak, lurralde historikoak publiko mota horrentzat dauzkan erakargarri ugariak ezagutzera emateko asmoz. Informazio liburuxka batek, mapa batek eta haurrentzat egokitutako karta joko batek osatuko dute eskaintza. Helburua hirukoitza da: Araban bisitari kopurua gehitzea, haien egonaldia luzeagoa izan dadin lortzea eta arabarrek lurraldearen barruan turismoa egin dezaten sustatzea.

Liburuxkak, esaterako, Araba familian gozatu eta ezagutzeko ideiak proposatzen ditu, natura, ibai eta urtegi, historia eta kultura, gastronomia eta abentura eta jaiekin zerikusia dutenak. Horrekin batera, familia turismoko mapa bat eta karta joko bat banatzen dira, bisitari haurrentzat bereziki diseinatuak. Txikienek Barraskilo eta Perretxin izango dituzte mapa horretan gidari, Arabako eskualdeetan diren turismo baliabide nagusietan zehar. Artziniegako museo etnografikoa, Añanako Gatz Harana, Santa Katalinako baratze botanikoa, Gasteizko eraztun berdea, abentura parkeak edo Arabako gaztelu eta Erdia Aroko herriak dira adibideetako batzuk.

Bestetik, familia turismoko eskaintza berriaren hirugarren hanka, berriz, karta joko bat da, marrazkien bidez aurkezten dituena Arabako turismo erakargarri nagusiak, kuadrillaz kuadrilla multzokatuak.

Bestelako erakargarriak

Araba, aurreko aldietan bezala, Basquetourren babespean aurkeztuko da Fiturren, eta Euskadiren standean egongo da; han, Arabako Errioxak, Haranek eta Mendiek txoko bana izango dute, eta Gasteizek ere bere erakusleihoa izango du.

Familia turismoko eskaintza hori izango da berritasun nagusia; hala ere, Arabak, orobat, ekitaldi horretara eramango ditu azken hilabeteetan ezagutzera eman dituen proposamenak, hala nola 6 ibilbide Araban galtzeko eta Erdi Aroko ibilbideak. Mahasti eta harresietan zehar. Era berean, eta aurreko aldietan bezala, naturako turismoak, historia eta kultura ondareak eta Añanako Gatz Haranak bere txokoa izango dute. Enoturismoa izango da Arabako Errioxaren txokoan nagusi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide