Gasteizko herri mugimenduko eragileek, tabernariek eta sindikatuek babesa eman diote sakabanaketa politikoarekin amaitzeko eskatuko duen Udazkenfest jaialdiari. Gaur goizean egin duten agerraldian “azken bisita, azken paketea, azken bidaiak izan daitezen ahalik eta lasterren” eskatu dute. “Guk barraren bestaldetik izan nahi dugu amaiera horren partaide, bultzatzaile. Horregatik Udazkenfest Arabako elkartasun eguna geure egiten dugu eta urriaren 1ean Gasteizko erdialdeko hainbat taberna elkartasun doinuz beteko ditugu”.
Tabernetan izango den programazioari dagokionez, 15 puntu ezberdin egongo direla gogorarazi dute. Bertan kontzertuak antolatu dituzte, eguerdiko 13:00etatik hasita 21:00ak artea. Besteak beste, Herre, Bode, Darkablar edo Garraxi tabernan izango dira.
Ela, Lab, Esk eta Steilas sindikatuak, Askapena, Gasteizko mugimendu feminista, Salhaketa, Martxoak 3 elkartea, Gasteizko Gaztetxea, Hala Bedi irratia, Sare, Ernai, Gasteizkoak talde antimilitarista, Eleak-Libre mugimendua eta Indar Baskonia aurkitzen dira gaur ekimenera atxikitu diren eragileen artean.