Sakabaneta politikarekin amaitzeko eskatuko dute Udazkenfest jaialdian

Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 11:37
Udazkenfest jaialdia aurkeztu dute Gasteizen. / Erlantz Anda

Irrien Lagunak, Indarrap eta manifestazioa izango dira, besteak beste, larunbateko elkartasun festan.

Sakabanaketa politika salatu eta preso zein iheslariei elkartasuna adierazteko, Udazkenfest jaialdirako deia egin dute urriaren 1erako. "Azkeneko espetxearen azkeneko ziegan azken arabarra dagoen bitartean, guk badugu zer egin, zer konta, zer lortu", adierazi dute jaialdia aurkezteko eginiko agerraldian. Espetxe politikak "odolostu" egiten dutela salatu dute presoen senide eta lagunek, eta elkartasuna "doinuz" jantzi nahi dutela jaialdiarekin.

Sakabanaketa "eskubide urraketa" dela salatu dute, "zigor ekonomikoa" izatearekin batera. "Bidaiek, eguneroko bizi baldintzak hobetu nahi izateak, edota isolamendu afektibo eta kulturala gainditzeak, ekonomikoki odoluste inportantea suposatzen dute. Familia bakoitzaren gastua urteko 20.000 eurokoa izatera hel daiteke".

Oztopoak oztopo, astebururo milaka euskal herritarrek espetxera bidala egiten dutela gogoratu dute, eta eurei ere elkartasuna adierazi nahi diete. "Dispertsioa jasaten duten horiekiko guztiekiko elkartasunez betetako egitaraua osatu dugu, haiekin batera bazkaldu eta edateko, haien guztien ondoan dantzatzeko eta irribarre egiteko", azaldu dute Gasteizen eginiko agerraldian.

Musika eta festa

Urriaren bateko festak Gasteizko erdialdeko hainbat txoko hartuko ditu. Foru plaza txikienentzako txokoa izango da eta bertan izango dira Irrien lagunak, esaterako. Aihotz plazan eta Gaztetxean elkartasunez betetako doinuekin egingo dute dantza, Indarrap, Las tea Party edo Tajon Prieto y los Kuajolotesekin. Probintzia plazan preso desberdinen idatzietan oinarritutako antzezlanak izango dira ikusgai eta Santa Maria plazan bazkari herrikoia. "Eta nola ez, gure ahotsak batzeko unea ere izango dugu, dispertsioaren kontrako aldarria lau haizeetara zabaltzeko momentua, indarrez, erritmoz eta ozen. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da manifestazioa Olagibel kaletik (Korreosen eraikinaren atzeko partetik)". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide