Tomate plantak kalitatezko lana bermatzen duela erantzun du Jaurlaritzak

Erredakzioa 2023ko uzt. 19a, 10:12
Gaubeako tomate negutegia. PHOT.OK

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako galderari erantzun dio Eusko Jaurlaritzak. Cultivos Araba enpresak laneko araudia betetzen duela ziurtatu du. 

Gaubeako tomate hidroponikoen makronegutegiko langileek salatu dituzten lan baldintza "itogarriak" ukatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta defendatu du Cultivos Araba enpresaren eredua despopulazioa saihesteko eta kalitatezko enplegua lortzeko egokia dela. 

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean luzatutako galderari erantzun dio Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Lan baldintzen inguruan, Jaurlaritzak argitu du ez duela langileek salatutako lan erritmo basatien berri. "Sail honetan ez dago jasota langileek lan baldintza itogarriak jasaten dituztenik, eta eskura dagoen informazioa da Cultivos Araba enpresak laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzen duela bere jardueran".

Jaurlaritzak eman duen informazioaren arabera, hogei pertsona daude kontratatuta Gaubeako tomate plantan, eta lau erdi-mailako arduradun espezializatuak dira. "Kontratatutako hamasei pertsonetatik, tarteko agintea ez direnetatik, hamar haranean bizi dira gaur egun, eta gainerakoak inguruko eremuetan". Gainera, tomate negutegian lan egiteko formakuntza jaso zuten pertsona guztiek Cultivos Araban sartzeko aukera izan dute. "Hala ere, egia da pertsona horietako batzuk beste enpresa batzuetan aktibo zeudela Cultivos Araba enpresak jarduerari ekin aurretik, eta horregatik uko egin zioten enpresa horretan sartzeari".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide