Gaubeako tomate plantaren lan baldintzak argitzeko eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean

Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 12:35
Gaubeako tomate negutegia. Argazkia: PHOT.OK

"Zer neurri hartuko du Lan eta Enplegu sailak Cultivos Araba S.L. enpresaren kontratu, kaleratze eta lan baldintzak legezkoak direla bermatzeko?", galdetu du EH Bilduk.

Itxaso Etxebarria Astondoa EH Bilduko legebiltzarkideak idatziz erantzuteko galdera zuzendu dio Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuari Legebiltzarrean, Gaubeako makro negutegian langileek salatu dituzten lan baldintza "basatien" inguruan, eta administrazioek formakuntzarako emandako dirulaguntzen zuzentasunaz. Etxebarriak gogoratu duenez, EAJk eta PSEk Cultivos Araba S.L. enpresaren proiektuaren "iraunkortasun ekonomiko, ekologiko eta soziala defendatu dute etengabe 2020tik hona. Era berean, Jaurlaritzak behin baino gehiagotan adierazi du aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuko dituela eskualdean". 

Eskualdean  bolo-bolo dabilen informazioa eta ALEAk, esklusiban, argitaratu zuen langile ohien salaketa hizpide izan ditu legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean egindako galderan, eta egoera horren aurrean, Mendia sailburuari eskatu dio baloratzeko Jaurlaritzak emandako eta Aldundiak finantzatutako formakuntza jaso duten eskualdeko pertsonak kontratatu beharrean "formakuntzarik ez duten beste batzuk kontratatu izana". Ildo berean, eskatu dio argitzeko zer neurri hartuko duen Jaurlaritzak "formakuntzan egiten diren inbertsio eta ahaleginen eraginkortasuna bermatzeko".

Tomate negutegiko langile ohiek salatu dituzten lan baldintza "basatiak" ere hizpide izan ditu EH Bilduko legebiltzarkideak, eta egoera horren aurrean, Lan eta Enplegu sailak neurririk hartuko ote duen galdetu du Etxebarriak: "Hedabideetan salatzen ari dira argudiorik gabeko kaleratzeak eta lan erritmo basatiak, besteak beste erlojuen erabilera debekatzea eta langileen arteko komunikazioa eragoztea. Zer neurri hartuko du Lan eta Enplegu sailak Cultivos Araba S.L. enpresaren kontratu, kaleratze eta lan baldintzak legezkoak direla bermatzeko?", galdetu du Etxebarriak.

Milioietako diru laguntzak

EH Bilduk gogoratu duenez, Cultivos Araba S. L. enpresak 659.435,41 euroko dirulaguntza jaso zuen Lehiatu Berria 2020 programaren ebazpenaren ondorioz, 2021. urtean. Ondoren, 2023ko martxoaren 10ean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak Handitu Innova 2022 Programaren dirulaguntzak ebatzi zituen; eta ebazpen horren arabera, Cultivos Araba S.L. enpresak 3.557.480,84 euro jasoko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horretaz gainera, EH Bilduren arabera, Aldundiak 100.000 euro eman zituen etorkizuneko langileen prestakuntza espezializatua doan izan zedin. "Lehen fasean, 50 lanpostu sortzea aurreikusten zuten eta kontratazio horiek gauzatu baino lehen formakuntza eskaini zitzaien hautagaiei. Ekonomia Garapen eta Berrikuntza sailari egindako idatzizko galdera batzuen erantzunaren arabera, HAZI Fundazioak parte hartu zuen prestakuntzan, Lanbiderekin eta Gaubeako Udalarekin lankidetzan, langabeei zuzendutako planaren esparruan".

 

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide