Aitor Abezia Zanbranako alkate ohia absolbitu dute

Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 11:30
Aitor Abezia Zanbranako alkate ohia, agerraldi batean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Bikotekide ohiak genero indarkeriagatik jarritako salaketarekiko "zalantzak" daudela ebatzi du epaileak. Joan den astean, epaiketa dela eta, Sumar koalizioaren Arabako senatarigai izateari uko egin zion Abeziak.

Ekainaren 20an, joan den asteko asteartean, Sumar koalizioak Aitor Abezia Zanbranako alkate ohia zerrendaburu izendatu zuen Espainiako Senaturako. Egun berean, epaiketa izan zuen Abeziak, bere bikotekide ohiak genero indarkeriagatik jarritako salaketa baten harira. Horren ondorioz, koalizioak eta hautagaiak uko egin zioten hautagaitzari, barne-kode etikoaren arabera zigor-arloko auziren bat ebazteke duen edozein hautagaik ezin baitu hauteskundeetan parte hartu, egitateen larritasuna edozein izanik ere.

Eldiario.es Euskadi hedabideak argitaratu duenez, ostegun honetan Zanbranako alkate ohiaren aldeko absoluzio epaia jakinarazi du Arabako Zigor Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak. Nolanahi ere, epaia ez da irmoa, eta akusazioak errekurtsoa aurkezteko aukera du oraindik.

Bikotekide ohiak 2020an salatu zuen Abezia, ustezko eraso fisiko batengatik. Fiskaltzak bat egin zuen akusazio partikularraren salaketarekin, Abeziari "ohikoa ez den tratu txarren delitu arina" egotzita eta urtebeteko kartzela zigorra, hiru urteko urruntze agindua eta kalte-ordain ekonomiko bat eskatuz. Salaketaren jatorria adingabe komun baten zaintzaren ingurukoa da: ustezko erasoa gertatu zen egun berean, Abeziak beste salaketa bat jarria zuen, beste aldeari adingabea uzteko akordioa ez betetzea egotzita.

Hala ere, Beatriz Eva Roman Gobernado epaileak akusazioa ezetsi du. Eldiario.es-ek ikusi ahal izan duen epaiaren arabera, epaileak frogatutzat jo du emakumeak "eragozpenak edo ubeldurak" zituela, baina ez dago "froga zuzen nahikorik, ezta zeharkako zantzu edo froga nahikorik ere, Abeziaren errugabetasun presuntzioa ezerezteko".  Epaiketan, bikotekide ohiak adierazi zuen adingabea trukatzean bultzadak egon zirela, eta erori egin zela. "Salatzailearen testigantzari zorroztasuna eskatzea beste erremediorik ez dago", dio epaiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide