Hiru atxilotu Aiaraldean, marihuana landatu eta 'rosin'-a ekoiztea egotzita

Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 16:30

Ertzaintzak 38 gizonezko bat eta 42 urteko bi atxilotu ditu Amurrion, Orozkon eta Okondon, eta 31 urteko beste bat ikerketapean utzi du. 500 marihuana landare baino gehiago atzeman eta rosin-a ekoizteko bi laborategi desegin dituzte operazioan.

Ikasturte berriarekin batera, gogor ekin dio Ertzaintzak Aiaraldeko marihuana plantazioen aurka. Duela bi aste, 65 urteko gizonezko bat atxilotu zuen eskualdeko baserri batean, marihuana plantazio-laborategi indoor baten arduraduna izatea egotzita; eta 37 urteko beste gizonezko bati eginbideak ireki zion ere, ikertu gisa.

Lehenengo operazio harekin batera Laudioko ertzain-etxeak martxan jarritako ikerketatik abiatuta, Ertzaintza Orozkoko (Aiaraldea, Bizkaia) baserri batera joan zen urriaren 11n. Gaur zabaldutako polizia-ohar batean azaldu dutenez, bertan bideozaintza eta aireztapen sistemak zituen negutegi bat aurkitu zuten.

Horrez gain, "marihuana usain handia" antzeman zuten bi lanabes-etxolatan, eta laborategi gisa erabiltzen zirela ondorioztatu zuten. Etxola horietan, marihuana poltsaz betetako hozkailu-kutxa bat, haxix polena erauzteko hiru zentrifugagailu eta tableta bihurtzeko edo zukua zein rosin-a ateratzeko farmazia erabilerako liofilizagailu bat aurkitu zituzten, baita prozesu horietan beharrezkoa den labe-papera ere.

Lehenengo atxilotua, baserriaren jabea

Baserriaren jabea bertaratu zenean, etxebizitza barruan marihuana plantazio indoor bat, ongarriak eta laborantzako aparatuak aurkitu zituzten ertzainek. Landaketarekin batera, lehortze fasean zeuden 738 landare ebaki, marihuana kukuluak eta, bi izozkailuren barruan, haxix hautsa zuten poteak eta zortzi marihuana poltsa atzeman zituzten.

Ondorioz, baserriko bizilaguna atxilotu zuen Ertzaintzak, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Lurrak "hirugarren pertsona batek" erabiltzen zituela adierazi zien jabeak ertzainei.

 
Bigarren atxilotua, Amurrion

Egun horretan bertan, ikerketekin jarraituz, ertzainak Amurriora joan ziren, ustez Orozkoko lurrak erabiltzen zituen pertsonaren etxera. Bertan, 490 marihuana landare eme zituzten bi indoor plantazio aurkitu zituzten.

Gainera, etxebizitza miatzean, 40 eta 90 zentimetro arteko luzera zuten 225 marihuana landare, 17 marihuana poltsa, mila hazi baino gehiago eta hori indibidualizatzeko ontziak, rosin-a egiteko prentsa bat, landare emeak ongarritzeko izoztutako lore "arrak" zituzten bost ontzi, produktu fitosanitarioak eta barruan hazteko tresnak aurkitu zituzten ere.

Halaber, erregistroan, hamabi rosin flasko aurkitu zituzten; produktuak THCko (tetrahidrocannabinol, kanabisaren osagai psikoaktiboa) %60tik gorako kontzentrazioa zuen.

Bigarren inplikatua ere osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita atxilotu zuen Ertzaintzak. Bi atxilotuak, 38 eta 42 urtekoak, epailearen esku utzi zituzten beharrezko eginbideak amaitu ondoren, eta kautelazko neurriekin aske geratu ziren.

Hirugarren atxiloketa, Okondon

Urriaren 15ean plazaratutako oharrean, Laudioko ertzain-etxeak azaldu zuen ikerketak zabalik jarraitzen zuela, eta, beraz, ez zutela baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Hain zuzen ere, astearte honetan jakitera eman dutenez, Ertzaintzak hirugarren inplikatu bat atxilotu zuen atzo: 42 urteko gizonezko bat, Okondon; gaur goizean zehar utzi dute agintaritza judizialaren eskuetan, Amurrioko Guardiako Epaitegian.

Hirugarren atxiloketarekin, Ertzaintzako ikertzaileek "amaitutzat" eman dute operatiboa. Hala ere, 31 urteko beste gizonezko bat ikerketapean geratu da, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita, desegindako taldearekin zerikusia duelakoan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide