Trebiñuko integrazioa arintzeko mahai bat osatzea proposatu dute EH Bilduk eta EAJk

Erredakzioa 2024ko api. 4a, 14:38
Argantzongo udaletxean aurkeztu dute mozioa. Argazkia: PHOT.OK

Talde politikoek gogoratu dute 2021ean Argantzongo eta Trebiñuko udalek adierazpen bat onartu zutela, Araban integratzearen alde.

EH Bilduko eta EAJko udal taldeek mozio bat aurkeztu dute Argantzongo udalean, Trebiñu Araban integratzeko mahai bateratua sortzeko eskatuz. Talde politikoek gogoratu dute 2021ean Argantzongo eta Trebiñuko udalek adierazpen bat onartu zutela, Araban integratzearen alde. Adierazpen horrek bi udalerrietan lantzeko eta garatzeko hiru puntu jasotzen zituen: Araban integrazioaren aldeko komunikazio kanpaina bateratua abian jartzea; tokiko erakunde eta eragileekin batera integraziorako etapa berri bat gizarteratzea, eta Araba izateko aldarrikapenean herritarren motorrari laguntzeko lan mahai bateratua sortzea.

Bi urte eta gero, eta bi udaletan gertatu diren aldaketen ondotik, "aldarrikapen hau berriro mahai gainean jartzeko eta orduan hartutako konpromisoak berreskuratzeko unea dela uste dugu», esan dute bi udal taldeek mozioan.

Hala mozioan eskatu dute aurrekontu partida bat sortzea, Trebiñu Araban integratzearen aldeko komunikazio kanpaina parte-hartzailea abian jartzeko. Halaber, Argantzongo udalari eskatu diote 2021ean "hartutako konpromisoa berreskuratzea", eta integrazioaren aldeko lan mahai bateratua sortzea 2024ko lehen seihilekoan, "instituzioak eta gizarte eragileak kontuan hartuta eta integraziorako etapa berri bat gizarteratzeko helburuarekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide