Trebiñun zuntz optikoa zabaltzeko urratsak exijitu ditu EAJk

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 09:00
Trebiñun zuntz optikoa zabaltzeko proposamena egin du EAJk. Argazkia: PHOT.OK

Gehienez ere hiru hilabeteko epean bulego teknikoa kontratatzeko eskatu diote udal gobernuari jelkideek, Europako funtsak eskuratu ahal izateko.

Trebiñuko EAJk zuntz optikoaren inguruan udal gobernuak duen "nahasmendua" salatu eta lehenbailehen sarea udalerrian zabaltzeko neurriak hartzeko eskatu du. Otsailaren 23an batzar irekia deitu zuen Trebiñuko udal gobernuak udalerrian zuntz optikoa zabaltzeko dauden arazoak azaltzeko, eta soluzioak zeintzuk izan daitezkeen eztabaidatzeko. Alta, EAJko zinegotziaren esanetan, "gobernuak erakutsi du ez duela egoera ezagutzen, ez ikuspegi juridikotik ez administratibotik; eta zalantzaz betetako diskurtsoa helarazi du".

EAJk azpimarratu duenez, Treviño Dia a Dia (TDD) taldeko udal gobernuak ez du "ganorazko" planik aurkeztu, zuntz optikoa zabaltzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak lortze aldera. "Erakunde desberdinen eskumenak nahasten ari dira; eta lurraldean egon daitezkeen irtenbide teknikoak ez dituztela ezagutzen erakutsi dute", salatu du.

Hartara, mozioa aurkeztu du EAJk, gehienez ere hiru hilabeteko epean udalak enpresa bat kontratatzeko, bulego teknikoaren lana egiteko, aholkularitza emateko, eta zuntz optikoa zabaltzeko beharrezkoak diren funtsak lortzen laguntzeko. Jelkideen proposamenaren arabera, enpresak abuztuaren 24a baino lehen aurkeztu beharko lizkieke lanaren emaitzak udalerriko kontzejuetako lehendakariei, eztabaidatu dezaten. Era berean, 2025eko aurrekontuetan diru partida bat bideratzea eskatu du EAJko zinegotziak, herritarrek eta lurraldeko enpresek azpiegitura horretara lotzeko diruz laguntzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide