Hizkuntza minorizatuen eta elebitasunaren inguruan lanketa handia egiten du Galesko Trinity Saint David unibertsitateak; une honetan doktoretza egitasmo berri bat abian jarri dute, Trebiñun euskararen garapenak izan duen arrakastaren ezaugarri nagusiak identifikatu nahi dituzte kornubieraren zabalpenean erabiltzeko. Siarl Ferdinand hizkuntzalariak zuzentzen du azterketa.
Zein da abiatu duzun ikerketaren helburua?
Kornubieraren berpiztearen eta Trebiñun euskararen berreskuratzearen arteko ezaugarri komunak bilatu nahi ditut, eta Trebiñun garatutako estrategiak Kornuallesen ezartzeko ereduak bilatu.
Noraino iritsi zara azterketa horretan?
Trebiñuko Euskara Zerbitzuaren eta bertako hainbat bizilagunen laguntzari esker, arrakastaren faktoreak identifikatzen ari naiz. Horren arabera estrategia bat osatuko dut, Kornuallesen eta Scilly uhartean kornubiera zabaltzeko. Azken urratsa Kornualleseko Kontseiluari eta Kornubieraren Hizkuntz Akademiari horren berri ematea izango da, eta zabalpena haien esku uztea. Agian urte gutxi barru elebidun kopuru dezente izango dugu, trebiñarren lanari esker.
Zerk piztu dizu Trebiñurekiko interesa?
Hebreeraren berpizte ikusgarria hizpide da oraindik mundu osoan, baina Trebiñu eskualde txikian euskararekin jazo dena kasu horren mailakoa da.
Zergatik da apartekoa Trebiñuko kasua?
Batetik, oso ezberdina da Euskal Herriko egoera orokorrarekin alderatuta. EAEn eta Nafarroan gobernu autonomoak daude, hezkuntzaren eta hizkuntzaren alorrean erabakitzeko gaitasun handia dute; Ipar Euskal Herrian euskal hiztun asko daude eta gobernuei presioa egiteko gaitasuna dute. Baina Trebiñuk a priori galtzaile izateko elementu guztiak ditu: lehenik eta behin, berrehun urtez euskara hilik izan zen, bestalde euskal lurralde bakarra da euskal erkidego batean ez dagoena; izan ere, Burgosko eta Gaztela Leongo gobernuen pean dago, euskararen eta euskal izaeraren kontrako jarrera garbia duten gobernuak hain zuzen. Halaber, euskara ez da beharrezkoa Trebiñun bizitzeko. Eta zein da egun egoera? Herritarren %22a euskalduna da, eta beste horrenbestek hizkuntza ezagutzen du.
Deigarria da egoera.
Bai, noski. Jende gehienak ez daki "Gaztelan" euskara hitz egiten dela. Trebiñuko kasua ez da jasotzen ezta Europako Kontseiluko txostenetan ere, non Melillako tamazighta ere agertzen den. Den-dena bere kontra izan arren, euskarak Trebiñun garapen handia izan du; mirari bat bezala ikus daiteke, baina linguistikan gertatu ohi den bezala, jazoera ikusgarri hauen atzean ez dago miraririk, baizik eta jende askoren ahalegina.
Zergatik izan daiteke euskararen garapena Trebiñun kornubieraren eredua?
Kornubierak dena bere kontra zuen: mende luzez hilda egon zen, Kornuallesek ez zuen autogobernua, Ingalaterrako parte bat baitzen, ingeles agintariek ez zuten inongo interesik tokiko hizkuntza bultzatzeko, mintzaira arraroa izateko estigma zuen, maila baxukoa, gaur egun ere ez du balio handia... Egoera hau ikusita lehen gauza pentsatu nuena izan zen: baditugu bi lurralde oso antzeko ezaugarriekin, baina ehun urte eta gero kornubierako hiztunak Kornuallesen ez dira %1era iristen, eta Trebiñun berriz, berrogei urteko epean, populazio erdiak euskara ezagutza minimo bat du. Zer egiten ari dira Trebiñun arrakasta itzel hori lortzeko? Galdera horri erantzun nahi diot.
Hizkuntzen alorrean lan handia egin duzu; zer da gehien baloratzen duzuna?
Linguista naizen aldetik hizkuntz guztien inplementazioa interesatzen zait. Jende orok eskubidea izan behar du bere jatorrizko hizkuntzan bizitzeko, baldintzak ahalbidetzen duten neurrian, eta niri zelta naizenez nire kulturaren hizkuntzak berreskuratzea interesatzen zait.