Zabalik dago Trebiñu eta Argantzungo musika eskolan 2017-2018 ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea; maiatzaren 19a baino lehen egin beharko da izena ematea, eta tasak aurrematrikularen ostean zehaztuko dira.
Eskolak euskaraz eskainiko dituzte ohi den bezala, eta taldeak sortzeko gutxieneko kopuru bat osatzea beharrezkoa izango da. Egunak eta ordutegiak irakaslearekin adostuko dituzte eskola motaren eta umeen beharren arabera; hiru eskola mota eskainiko dituzte hurrengo ikasturtean Kuadrillako umeentzat: musika hastapena hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat (2012, 2013 eta 2014an jaioak); musika hizkuntza sei urtetik gorako haurrentzat (2011tik aurrera jaioak), eta musika tresna.
Informazio gehiago eskatzeko eta aurrematrikulazioa egiteko euskeratrebino@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Trebiñuko musika eskola 2012-2013ko ikasturtean hasi zen, Txingoka kultur elkartearen eskutik. Zortzi ikaslerekin hastapen musikala ematen hasi ziren taldeko kideak, eta urtero ikasle gehiago batu dira eskolara. Egitasmo kulturalaren helburu nagusia musika banda edo talde musikala sortzea izan zen hasieratik, eta musika kalera ateratzea, "herriarentzat eta biztanleentzat dituen kultur eta dinamizazio onura guztiekin".