Egunsentiko argiarekin sartuko da Korrika Trebiñuko barrendegian. Langraiz Okatik Argantzunen sartuko da N1 errepide zaharretik, 00:32etan, eta Obekurin utziko du eskualdea, 04:08etan. Argantzunetik Añastrora abiatuko da euskararen aldeko lasterketa, eta ondoren Trebiñura iritsiko da. Bertatik Frankora, eta Armentiako Bentara mugituko da, eta Mendialdean sartu baino lehen Pedruzo, Argote, Fuidio, Albaina, Baxauri, eta Obekuriko lurrak zapalduko ditu.
Ordutegia berezia izan arren, kilometroen banaketa ondo doa Kuadrillan, eta azken asteetan Korrika Kulturalaren harira antolatu dituzten ekitaldiak giroa berotzeko balio izan dute.
Izan ere, joan den ostiralean Korrika Kulturalaren bigarren ekitaldia izan zuten Argantzunen. Arratsaldean Korrika Txikia eta antzerkia izan zuten, eta txokolatada ondoren. Martxoaren hasieran Argote herrian kontzertu bat ospatu zuten, Dulanto tabernan hain zuzen, Aitor Agirre eta Lumen taldearekin.
Korrikarentzat Trebiñu ez da arrotza. Azkeneko edizioetan ez du hutsik egin eskualde horretan. Gainera, 2011. urtean Trebiñutik irten zen 17. Korrika, Gutxisolo elkartearen ekimenari esker. Orduan erakutsi zuten Euskal Herriko hango eta hemengo euskaldunak bezain euskaldun direla.