Arabak eta Burgosek aurreakordio bat sinatu dute trebiñarren zerbitzu publikoak hobetzeko

Erredakzioa 2017ko urt. 30a, 20:32

Datozen asteetan sinatu dute akordioa Arabak eta Burgosek.

Trebiñurentzat behin betiko irtenbidea bilatu bitartean, akordioa sinatuko dute Arabako Foru Aldundiak eta Burgoseko Diputazioak, "Trebiñuko biztanleen zerbitzu publikoak hobetzeko".

Arabako Foru Aldundiak eta Burgoseko Diputazioak aurreakordio bat adostu dute, Trebiñurentzat behin betiko irtenbide bat bilatu bitartean, trebiñarren zerbitzu publikoak hobetzeko. Akordioak bi urteko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango du. Hitzarmenak zenbait esparrutan izango du eragina, besteak beste, gizarte zerbitzuetan, suhiltzaile zerbitzuan, euskaran edo garraioan.

Arabako diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazar eta Burgoseko Diputazioko bozeramaile Borja Suarez bi ordu egon dira gaur bilduta, eta abenduan Burgosen aurkeztu zen hitzarmena landu dute. "Aurrerapausu garrantzitsuak" eman direla adierazi du Garcia de Salazarrek. "Gure helburua Trebiñuko biztanleen zerbitzu publikoak hobetzea zen, eta uste dut lortu dugula", gaineratu du. Hurrengo asteetan behin betiko dokumentua sinatuko dute. Sinaduraren ondoren, bi erakundeetako sailek gai bakoitzeko hitzarmen espezifikoak landuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago