Argantzunen padel pista berri bat estreinatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 29a, 20:00

Argantzungo padel pista berria. ALEA

67.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Argantzungo Udalak padel pista bat eraikitzeko.

 

Argantzunen badute kirol azpiegitura berri bat. Azaroan hasi ziren padel pista bat eraikitzeko lanak herrian, eta dagoeneko erabilgarri dago pista, Argantzungo eta kanpoko bizilagunentzat.

Hala, udalerrian kirol eskaintza handitzeko asmoa bete du Udalak. Burgosko Diputazioak kirol azpiegiturak babesteko eta sustatzeko diru partida bati esker gauzatu ahal izan dute proiektua, eta, hain zuzen, 34.702,15 euroko diru laguntza bideratu dute obra egiteko. Orotara, padel pista estalia egiteko 57.840 euro gastatu dituzte eta itxituran beste 10.146 euro.

Alegazioen zain

Eraikin berria erabiltzeko arauak alegazio epean baldin badaude ere, printzipioz Udalak ezarritako prezioak honakoak dira: Argantzunen erroldatutako bizilagunek lau euro ordainduko dituzte padel pista ordubetez alokatzeagatik, eta bost euro argia erabili behar badute. Kanpokoek, berriz, zazpi euro ordubeteko alokairuaren truke, eta zortzi euro argiarekin bada.

Jakinarazi dutenez, udal padel pista 08:00etatik 24:00ak arte zabalik izango da, eta  erreserbak Udalaren web orrian egin behar dira (www. lapuebladearganzon.es). Gehienez bi erreserba egin ahal izango ditu erabiltzaile bakoitzak, eta ezin izango du hirugarren pertsona baten ordez egin. Hiru egun lehenago egin daitezke padel pista erabiltzeko erreserbak; ordubeteko edo ordu eta erdiko alokairua egin daiteke.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago