Ciudadanos del Condado, Agrupación Electoral Independiente, EAJ eta EH Bildu talde politikoen botoekin izendatu dute Elena Ramirez Trebiñuko alkate berria. Iragan astean alkatea izan den Ernesto Argotek dimisioa eman zuen, Trebiñuko Udalak erakunde nagusiagoen aldetik bizi duen "utzikeria" salatzeko helburuarekin.
Arrazoi berdinak argudiatuta osteguneko udalbatzan dimisioa eman zuen ere Ignacio Portilla, talde independientearen zinegotziak eta Trebiñu Araban sartzeko Batzordearen lehendakariak.
Burgosko Gobernuak eta Arabako Aldundiak joan den astean hasitako elkarrizketetan "lurraldetasuna" eztabaidagai izan ez dutela eta, dimisioa ematea erabaki dute Argotek eta Portillak. "Guretzat ezinbesteko gaia zen hori, eta ez dute mahai gainean jarri; Arabara batzearena da Udaleko alderdi guztiak bat gatozen ideia bakarra". Lurraldetasunaren auzia "osotasunean" eztabaidagai ez izatea egotzi diete Arabako Aldundia eta Gaztela eta Leongo Gobernuari, eta "adabakiak" jarri izana.