alea.eus

Erakundeen "utzikeria" salatzeko, dimisioa eman du Ernesto Argotek

Erredakzioa 2016-12-22 12:53   Politika  Trebiñu

Araba eta Gaztela eta Leongo Gobernuek konderria "ahaztuta" dutela esan du; Elena Ramirezek hartuko du alkate kargua.

Erakundeen "utzikeria" salatzeko, dimisioa eman du Ernesto Argotek
Protesta gisa, kargua utzi du Argotek, baina zinegotzi izaten jarraituko du. / I. Estarrona | Ikusi handiago | Argazki originala

Trebiñuko Udalak erakunde nagusiagoen aldetik bizi duen "utzikeria" salatzeko helburuarekin, dimisioa eman du Ernesto Argote alkateak (Konderriko Herritarrak, CDC). Hainbat aldiz kritikatu du egoera, eta kargua uzteko saiakera egin zuen irailean, baina joan den ostiral arratsaldean bete zuen iragarritakoa. Elena Ramirezek beteko du haren lekua urtarriletik aurrera. 

Burgosko Gobernuak eta Arabako Aldundiak joan den astean hasitako elkarrizketetan "lurraldetasuna" eztabaidagai izan ez dutela eta, dimisioa ematea erabaki du Argotek protesta modura. "Guretzat ezinbesteko gaia zen hori, eta ez dute mahai gainean jarri; Arabara batzearena da Udaleko alderdi guztiak bat gatozen ideia bakarra". Lurraldetasunaren auzia "osotasunean" eztabaidagai ez izatea egotzi die Araba  ko Aldundia eta Gaztela eta Leongo Gobernuari, eta "adabakiak" jarri izana. Udaleko gainerako ordezkariei dei egin die Argotek alkatetza karguari uko egiteko, baina dagoeneko hainbatek jakinarazi dute ez datozela bat erabakiarekin.

"Behin behinekoa"

Bien bitartean, Arabako Aldundia Burgosko Diputazioarekin negoziazioan ari da hitzarmen bat adosteko, "behin behineko" irtenbide modura. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Trebiñurekin "konpromiso politikoa" duela esan du, konderria Arabara batzeko helburuarekin, eta xede horrekin lan egin bitartean "eguneroko beharrei" aurre egiteko zerbitzuak adosten saiatuko dela adierazi du. Batzar Nagusietan onartutako ebazpenak betetzen ari dela gogoratu du Gonzalezek, "aldi baterako konponbidea" bilatu asmoz,  Arabara "batzea" lortu bitartean. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa