Eusko Jaurlaritzaren aldetik "babes falta" salatu du Argantzon ikastolak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko abe. 17a, 15:31

Argantzon ikastolako umeak. Arg: Argantzon Ikastola

Azken urteetan %75 murriztu da Jaurlaritzatik ikastolara bideratu den diru-laguntza.

 

Premia larrian dago Argantzon ikastola. Eusko Jaurlaritzak ematen dion diru-laguntza gero eta urriagoa da, eta "babes faltak" egitasmoa kolokan jar dezake. 2003tik hona %75 murriztu da Jaurlaritzak Udalaren bitartez Trebiñuko ikastolara bideratzen duen diru partida; Saioa Urizar ikastolako zuzendaritza taldeko kideak azpimarratu du egoera "itogarria" dela.

Ikastolaren egoeraren inguruko alarma oihua EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak eman du. Ohartarazi duenez, dagoeneko badira hilabete batzuk ikastolako langileek dagokien ordainsaria ere jaso ez dutela, "eta egoera horren eragile nagusietariko bat Jaurlaritza da, bere garaian hartutako konpromisoa betetzeari utzi egin diolako, ohiko diru-laguntza murriztuta".

Izan ere, Argantzon ikastolak Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du sortuz geroztik, Trebiñu osoan euskara sustatzeko. Kuadrillaren egoera administratiboa medio, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak zuzenean diru-laguntza hori ematea legez kontrakoa da, eta horrenbestez Argantzungo Udalaren bitartez bideratzen da. 

Egoera larriaren aurrean, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari galdera sorta baten bidez, argitzeko zein diren bere asmoak Argantzon ikastolarekiko. Horren ildotik, Uberak azpimarratu du Jaurlaritzak bere garaian hartutako konpromisoa zorrotz bete behar duela, "Trebiñu osoan euskararen biziraupena eta sustapena bultzatzea funtsezkoa delako".

60.000tik 15.000ra

Argantzon ikastolako Urizarrek berretsi ditu EH Bilduren adierazpenak. Lehen urteetan 60.000 euro inguruko diru-laguntza jaso zuen Trebiñuko ikastolak urtero Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bainapixkanaka murrizten joan da kopurua, eta egun 15.000 euro jasotzen dituzte. "Iaz diru-laguntza kenduko zigutela esan ziguten ere", adierazi du Urizarrek.

Argantzon ikastolako arduradunak behin baino gehiagotan saiatu dira Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin biltzen, egoera zein den azaltzeko, baina pasa den urtetik ez dute hartu-emanik izatea lortu. "Kurtso amaieran, maiatzean, bilduta egon ginen baina ordutik ezin izan dugu hitz egin, deitzen dugunean ez daude inoiz. Gutun bat bidali dugu, baina ikusten da ez dagoela borondaterik".

Manzanosen, LH

Jaurlaritzaren "konpromiso falta" ikusirik, Argantzon ikastola aurrera ateratzeko formula bat dute mahai gainean: Lehen Hezkuntza Trebiñutik ateratzea. Urizarrek azaldu duenez, "nahi duguna da zerbitzua hemen ematea, Trebiñutik atera gabe, baina halabeharrez atera beharko gara, ez digute beste aukerarik ematen". 

Hala, Trebiñutik ahalik eta gertuen dagoen herriren batean ari dira tokia bilatzen, eta Urizarrek azaldu duenez, Manzanos herrian, Erriberabeitian, ari dira aukera bat aztertzen: "Guztiz lotu gabe dago, ondo hartu dute, eta kontu batzuen inguruan hitz egin dugu, baina falta zaigu aurrera jotzea".

Dena den, argi dute Argantzon ikastolako kideek hori ez dela irtenbidea. "Ez da bakarrik gure ikastolaren arazoa, Trebiñu osoaren arazoa da, gauzak oso zailak dira".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago