Alaveseko jokalariek ireki zuten atzo txotx denboraldia

Erredakzioa 2016ko urt. 15a, 12:50
Argazkia: @alaves

Atzo izan zen kupelen irekiera Askartzako Trebiñuko sagardotegian.

Araban txotx egiteko denboraldia zabaldu da. Bertako sagardogileek atzo iluntzean hasiera eman zioten denboraldiari, Askartzako Trebiñu sagardotegian. Alaves futbol taldeko kideek izan zuten sagardo berria duten kupelak zabaltzeko ardura.

 

Bi sagardotegik osatzen dute Arabako sagardogileek: Askartzako Trebiñuko Koldo Markinezek gidatzen duena eta Aramaioko Iturrietako Juanjo Peciñarena. Urterik urtera txandakatzen joaten dira denboraldiari hasiera emateko, eta aurten, esan bezala, Trebiñun egitea tokatu da.

 

Uzta "aparta"

Aurtengo uztari dagokionez, orokorrean, Euskal Herri mailan "aparta" izan dela jakinarazi dute sagardogileek. Sagardoaren ezaugarri nagusiena da "gorputz ederrekoak" direla, eguraldiak eraginda  tanino gehiago izan duelako bertako sagarrak eta horrek eragin zuzena duelako kalitatea. Aurreko urtearekin alderatuta, alkohol graduazio altuagoa ere badute, azukre gehiago ekarri dutelako. Irakinaldien gainean, urriko tenperatura altuek eraginda, azkar irakin dute sagardo gehienek eta usain ederra dute.  

 

Araban, 120.000 litro

Euskal Herrian, denera, 13 bat milioi litro sagardo egin dira; %60-70 inguru bertako sagarrak erabilita lortu da. Arabari dagokionez, 120.000 litro inguru egin dituzte, erdia sagardoa, eta erdia muztioa.

Trebiñu sagardotegitik azpimarratu dute Askartzan eta Aramaion bertako sagarrak baino ez dituztela erabiltzen: "Sagardogileak gara. Sagarrak ditugu eta bertan ekoizten dugu. Familia giroan egiten den sagardoa da".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide