Aldundiak Azazetari buruzko txosten bat ezkutatu duela dio Arabako Mendiak Askek

Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 11:08
Beste behin, proiektua bertan behera uzteko eskatu dute. ARABAKO MENDIAK ASKE

Aixendar sozietateak egindako ingurumen inpaktuaren azterketan dauden gabeziak jaso ditu foru teknikariek egindako txostenak.

Azazetako zentral eolikoari buruzko txosten bat "nahita" ezkutatu izana egotzi dio Arabako Mendiak Aske taldeak Diputazioari.

Proiektua gauzatzeko Aixendar enpresak egindako Ingurumen Inpaktuaren Azterketari buruzko analisia egiten dute foru teknikariek agiri horretan. 

Taldearen arabera, ingurumen teknikariek ondorioztatu dute azpiegiturak "kalte nabarmenak eragingo lituzkeela landaredian, lehentasunezko interesa duten habitatetan edo eta interes komunitarioko habitatetan eta mehatxatutako floran". 

Diotenez, mehatxatuta dagoen landarediak eraikuntza fasean jasango lituzkeen kalteak "ez dira behar bezala baloratu", eta soilik kalte ertaintzat jo dituzte. Bestalde, Aixeindarrek ez ditu deskribatu ezta baloratu ere katalogatutako landarediarentzat eta habitat naturalentzat sentsibilitate berezikoak diren eremuak. Are gehiago, ingurumen inpaktua aztertzerakoan ez dituzte aintzat hartu zenbait orkidea mota dauden eremuak, Europak intereseko habitat gisa hartzen dituenak.  Oro har, teknikariek diote azterketa ez dela egin behar adineko sakontasunez, eta "apiriletik uztailera bitartean joango litzatekeen" gutxieneko behaketa aldia ez dela errespetatu.

Azkenik, ingurumen inpaktuari buruzko azterketak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak "oso orokorrak" direla ondorioztatu dute teknikariek, "proiektu honen eta kokaleku honen ezaugarri berezien neurketa eta zehaztapen zehatzik gabe".

Hegaztiei eta kiropteroei dagokienez, "ez dira behar bezala kontuan hartu inguruan dauden baso eremu zabalak". Tartean, arrano beltza eta Bonelli arranoa aipatu dituzte. Azterlanak ere ez du jaso hegazti migratzaileentzat eremuak duen garrantzia. Basa animalientzako, anfibioentzako eta narrastientzako hibernazio, elikadura eta babes eremuen kokalekuak ere faltan bota dituzte teknikariek. Inguruetako herri eta ibilbide historikoetan izan daitekeen inpaktua aztertzea ere falta da.

"Hain ondorio larriak dituen gertakari honen aurrean, erantzukizunak eskatzen dizkiegu gizarteak duen informazio eskubidearen urraketa honen eragileei", azaldu du taldeak. Bestetik, Azazeta gutxienez Kontserbazio Bereziko Eremu kategorian sartzeko eskatu dute. 

Hori guztiagatik, Arabako Mendiak Askek beste behin "proiektua berehala bertan behera" uztea galdegin du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide